'GOIZERO'
Egilea. Javier de Isusi. Argitaletxea. Astiberri.
Azkenaldi honetan komikia gero eta sarriagotan ari da erabiltzen eta agertzen, genero literario gisa, bazterrean geratzen diren gatazka eta borroka askori ahotsa emateko. Euskarazko uztan argitaratu diren nobela grafikoei —jatorrizko lanei zein itzulpenei— eta lantzen dituzten gaiei begiratzea nahikoa da horretaz konturatzeko. Olatu horretan etorri zaigu Astiberri etxeak argitaratu berri duen Javier de Isusiren Goizero nobela grafikoa ere: «Oraingoan komikiaren lengoaiara jo dugu egiten duguna kontatzeko. Irudi bizien indarra baliagarria da ezbeharrei eta ezbeharrak gainditzeari buruzko istorioak osatzeko». Izan ere, ilustrazioz ilustrazio, bi harrera familien egunerokoa zabaltzen zaigu: Axel eta harreran hartu duen familiarena, eta Kristina eta harekin batera agertzen denarena. Elkarbizitzari dagokionez, batik bat amaren eta seme-alabaren arteko harremanean jartzen du begia de Isusik, eta euren interakzioen bitartez azaltzen zaizkigu, diskurtsorik intimoena baliatuz, halako egoeretan dauden haurren eta haien familien eguneroko poz txikiak eta min handiak.
Bi istorio agertzen zaizkigu, hortaz, kontakizun bakarrean, eta biak ere loturik kontatzen, gainera; amak dira, Ana eta Laia, lotura horren erantzuleak. Hala ere, iruditu zait bietarik Axelen bizitzak eta inguruak hartzen duela presentzia handiagoa obran zehar. Bi haurren agerpenek zentzua hartzen badute ere, eta nolabait, elkar eragiten, ez zait oso argi gelditu bigarren mailako istorioaren lekua zein den zehazki. Zenbaitetan duen garrantziak itzala egiten dio besteetan duen bigarren mailako lekuari. Alde horretatik, nago istorioak sakontasunean irabaziko zukeela autoreak biei aldi berean erreparatu beharrean familia multzo bakarrean jarri izan balu arreta.
Edozelan ere, ezin da ukatu bi familia horien egoerak eta euren gorputzetatik eraikitzen den gizatasunak komikia zeharkatzen dutela, hasi eta buka. Hitzaren eta kontatzearen gainetik ilustrazioei eman die garrantzia Javier de Isusik, eta bakoitzaren keinuetan, laztanetan, begiradetan eta emozioetan pausatu kamera. Fokuak zoomegiten du pertsonaia bakoitzaren baitara, eta egunerokoan oharkabean pasatzen diren keinu txikien bitartez eraikitzen edukiaren muina edo funtsa. Akuarelak urarekin nola, pertsonaien hartu-eman afektiboak eguneroko gorpuztasunen bitartez materializatzen dira; edukiak eta formak bat eginda, egoera horretan dauden haur eta familiek dituzten traumen neurria transmititzen zaio irakurleari. Horra hor obraren lorpen handiena.
«Ez digu esango zer gertatzen zaion. Ez nahi ez duelako, ezin duelako baizik. Geuk eman behar dizkiogu hitzak» diosku nobelako terapeutak Axelen kasuaz diharduela, eta esango nuke obraren beraren helburua ere badela, partez, hori lortzea; hitzez kontatu ezin dutenei, hitzak ez ezik, irudiak, gorputzak eta, are, emozioak ere ematen zaizkie orriz orri.