Literatura. 'Lilurabera'

Eguneroko autopoetikoa

Idazlea: Yurre Ugarte. Argitaletxea: Alberdania.

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Lilurabera Yurre Ugarteren ipuin-bilduma argitaratu du Alberdania argitaletxeak. Zortzi ipuineko bilduma bat da, nahiz eta, aurrerago ikusiko dugunez, testu hibridotzat jo dezakegun, narrazio bat baino gehiago kontakizun nagusi beraren parteak izan daitezkeelako. Bestalde, azken testua, egileak berak «bizi-kondaira literario-musikaltzat» katalogatua, egilearen manifestu kontra-literario gisa jo dezakegu.

Kontakizunetariko batzuek lotura estua dutela aipatu badugu ere, ipuin guztiek oinarrian partekatzen dituzten bi ezaugarri identifikatu daitezke: errelato guztiak literaturaren eta gainerako arteen arteko harremanak gurutzatzen ditu, baita artista-autofiktizio baten lehen pertsonako ahotsak ere. Bestalde, ipuin guztiek dute amaiera aldera irakurlearen igurikimen-ortzimuga haustera jotzen duen efektua.

Hala ere, marko formal berdintsuak ematen du hondo desberdinak osatzeko aukera, hala da, behintzat, landutako gaiei dagokienez. Adibidez, lehen bi kontakizunak bateragarriak, edo agian egokiago, osagarriak dira: Arintasuna eta Astuntasun jasanezina. Izenburuetan antzematen da Milan Kunderaren obrarekiko intertestualitatea. Bietan, bi gazte adoleszenteren harremana arakatzen da, zeintzuek sexuarekin eta argazkilaritzarekin zein musikarekin jolasean beren izaera bilatuko duten. Hirugarren ipuinean pandemiak gogor jo duen artista eta dendari baten infernurainoko jaitsiera kontatzen da, lehen pertsonan. Ondoren datozen Lady Amnesy eta Amnesia anderea kontakizunek ere, bikotea osatzen dute. Ama-alaba batzuen arteko sekretuetan barrena, kontalariak familia-herentziaren pisua esploratuko du, izaera-ezaugarrietan enfokatuz. Basquiat ez da hilotz eta Bestiario galdua dira azken bi ipuinak. Lehenean, begi bistakoa da, artista amerikarrari omenaldia egiten dio idazleak; bestean, berriz, gaztaroko amodio galdu baten hasiera, gailurra eta gainbehera gogoratzen ditu musikari heldu batek. Azken testua da, idazle tolosarrak adierazi bezala, pertsonalena: Kathy, Lydia, Wilma. Erreferente dituen emakumezko artistei aitortza egiten die Ugartek. Azken testu honetan, arteen hibridazioa nabaria da: preseski, Kathy Acker idazlea, Viv Albertine musikaria, edo Lydia Lunch artista multidiziplinarraren itzalak presente daude orrialdeotan zehar.

Edukian eta forman partekatzen dituzten puntuetatik harago, liburuko ipuinetan autore-postura bat jaulkitzen du Ugartek, hainbat bizi-arotan arteekin izandako harremana esploratzen du egileak ariketa autoidentifikatibo batean. Gainera, artea era transbertsalean ulertzen duen idazlea ernetzen da orriotatik. Idazle baino, artista gisa identifikatu daitekeena.

Izaera intimo horrek irakurleari ipuinetako pertsonaiekiko identifikazioa zaildu diezaiokeela badirudi ere, egilearen fantasiarako joerak irakurketa-testu dibertigarria bihurtzen du liburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.