Literatura. 'Antzara eguna'

Egun goibelak, irudi beltzak

Idazlea: Harkaitz Cano. Ilustratzailea: Adur Larrea. Argitaletxea: Txalaparta.

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Harkaitz Canok duela urtebete argitaratu zuen Fakirraren ahotsa eta duela hilabete batzuk nobelaren gaztelaniarako itzulpena, baina hori gutxi balitz, idazlea ez da egon geldirik. Hain zuzen, Durangoko Azokan bertan, hiru lan aurkezten ikusi genuen: batetik, Amets alokatuak komikia; bestetik, Berri Txarrak musika taldearen agurrerako prestatutako liburu bat; eta azkenik, denbora hartu du argitaratutakoen artean hemengo komikia aurkezteko: Canoren eta Adur Larrea marrazkilariaren artean Txalapartak azaroaren 20rako argitaratutako Antzara eguna komikia.

Santi Brouarden hilketaz ezagutzen diren nondik norakoak azaltzen ditu lanak; izenburuak ere politikariaren hilketa baino egun batzuk lehenago Lekeitioko jaietan izan zen arrakastarik gabeko saiakerari egiten dio erreferentzia. Bi planotan dago kontatua, Canori gustatzen zaion bezala: alderdi poetiko bat, eta historia kontatzen duen alderdi bat. Historiaren barnean, gainera, bi barne-kontakizun daude kontrajarrita: bi aldeena, Brouard kide zen ezker abertzalearena eta GALeko hiltzaileena.

Alderdi lirikoari dagokion planoan, testu poetikoek Santiago Brouard pertsonaia historikoarekin dute zerikusia. Komikian bertan aipatzen da ekarritako olerkiak Brouard zenaren emazte Teresa Aldamizek, zeina poeta filipinarra den, idatziak izan direla. Horrek idazleari Espainiako estatuak Euskal Herrian baliatutako gerra zikinaren eta Hego Amerikako beste hainbat estatuk aplikatutako gerra zikinen artean lotura egiteko balioko dio, esanahi zabaleko testu bat osatuz irakurlearentzat. Bestalde, garaiko gatazkaren magnitudearen markoari erreferentzia egiteko balioko dio.

Bestalde, narrazioaren planoan ere bi kontakizun banatzen direla esan dugu, hildakoaren eta hiltzaileen planoak, alegia. Eta horietan, hainbat sekuentzia tenporal desberdintzen dira aldi berean: kontakizuna kokatzen den uneko denbora tartea; eta, gerora, Brouarden hiltzaileetako batek komunikabideetan egindako aitorpen publikoak biltzen dituena.

Ez da bereziki testu katramilatua, eta hala ere, Canoren estiloa biltzen du: badago lekurik pertsonaien barne-gogoetak azaleratzeko, lasartearrak hain berea duen estiloa ikusiz horietan. Irudiei dagokienez, zuri-beltzean daude nobela osoan zehar, eta tonu berekoa da azala ere: irakurlearen begietara kontakizunaren iluntasuna nabarmentzeko balio du. Hala ere, trazu leuneko marrazkiak osatu ditu Larreak, eta zuri-beltzen jolasak lanari histasuna ematen badio ere, irudien xumeak ez du monokromiak eragin dezakeen irudien betekada gerta dadin ahalbidetzen.

Testuak ez du gaiaren gaineko ezer berririk gehituko, ziurrenik ez da idazlearen antologietarako testu hautatuen artean egongo; eta hala ere, irakurtzen disfrutatzen da. Egileak euskal gatazkaren inguruan osatutako lanen azken emaitza, idazleak imajinario kolektiboari egindako ekarpenean testu beharrezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.