Ahots berezia da Maryse Conde guadalupetarrarena, ezezaguna oraino euskaraz. 39 urte zituela argitaratu zuen bere lehen eleberria, haurtzarotik istorioak asmatzeko grina izan bazuen ere munduak esana baitzion hura ez zela bere eginbeharra, ez zela atsegina sortzen zuena. Conderentzat idazteak egia aditzera ematea esan nahi baitu, eta egia ez da izaten belarri ororen gustagarri. Halakoak dira, halaber, bere testuak, ur izoztuzko kubo baten gisara erortzen ahal zaizkizu gainera, deskuidatzen bazara.
Egia deseroso horien aurkikuntza ikus daiteke Bihotza negar eta irri memoria liburuan. Izan ere, haurtzaroko eta nerabezaroko oroitzapenak eta anekdotak biltzen ditu narrazio laburretan, Conderen nortasuna eta identitatea taxutu duten gertakariak agerian jarriz. Familia beltz eta burgesean jasotako heziketa frantses zorrotza, zortzi seme-alabetan azkena izateak eta ustekabez jaio izanak utzitako marka, lehendabiziko maitasun-ustea, klase sozialen arteko arrakalak, norberaren belztasunaren deskubrimendua... Ugariak dira istorio motz hauetan oroitzapen xumeetatik azaleratzen diren gaiak, bidenabar gogoeta eta kritika unibertsaletara bideratzen dituenak idazleak erraztasun handiz: egia deserosoak burutik behera. Umearen begirada inuzentearekin, helduaren senezko kontzientziarekin aletzen du Condek familiako testuinguru bipolarra: kaleko umeekin nahasteko aberatsegia, kreoleraz mintzatzeko frantsesegia, alabaina Guadalupeko blanc-pays-entzat arrotzegia, Parisko metropoliko zurientzat beltzegia.
Bestalde, bereziki ederra da nola deskribatzen duen haurra zela idazketan aurkituriko potentziala. Bi pasarteren bidez azaltzen du: lehendabizikoan, bere lagun Ivelyseri buruzko lan bat egin behar duenean eskolan, eta bigarrenean, amari poema bat idazten dionean urtebetetze egunez. Bietan ala bietan eginahal handia erakusten du Conde neskatilak maite dituen pertsonei buruz idazki zintzo eta leialak ontzeko, eta, halaber, bietan jasotzen du harridura eta haserrea bueltan, bere literatur bidean sarri hautemango zuen gisan, egiak adierazteko gaitasun handia (handiegia zenbaitentzat) baitu. Hala, irakurlea ohartzen da txikitatik joan dela osatzen Conderen estilo propioa: tolesgabea bezain sakona, malenkoniatsua bezain gordina, eta, batik bat, zintzoa.
Memoria liburu honetan, are, idazkera arina eta soila darabil Condek, oroitzapen-pasarte xalo eta arruntak, familia-bizitzako bizipenak gizarte gatazkatsu baten kontraesanekin, galdera konplexuekin talkan jartzeko. Estiloari heltzean, ezin da itzulpena alde batera utzi. Izan ere, agerikoa da Joxe Mari Berasategik ezohiko hautua egin duela Conde Iparraldeko euskara batua dei diezaiokegunera itzultzean. Kuriosoa da, bidenabar, aukera horri buruzko aipamenik ez egitea aitzinsolasean; izan ere, irakurketa baldintza dezakeen erabakia da. Baina euskara batuari buruzko eztabaidatan sartzeko asmorik gabe, eta hizkuntza-aukeraketan bainoago idazkeran zentratuz, aipagarria da narrazioen berezko arintasunarekin kontraste nabarmena egiten duela sarri itzultzailearen estiloak. Hau da, ebidentea den hizkuntza translazioaz gaindi, sobera nabari dela itzultzailearen eskua, Conderen soiltasuna hanpatu bilakatuz zenbaitetan. Lan handia dago itzulpenaren atzean, baina pasarte batzuetan testua aberasteko egindako hautuek osotasuna iluntzen dutela esan daiteke.
Literatura. 'Bihotza negar eta irri'
Egia deserosoak
Egilea: Maryse Conde. Itzultzailea: Joxe Mari Berasategi. Argitaletxea: Erein/Igela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu