'Haragi hosto'

Edertasunaren ukendua

Egilea: Juan Ramon Makuso. Argitaletxea: Balea Zuria.

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Haragi hosto du izenburu Juan Ramon Makusoren poema liburu berriak. Poesia baizik argitaratzen ez duen Balea Zurian kaleratua, iragan urrian. Argitaletxeak ohi duen bezala, diseinu xume bezain ederrarekin dator Makusoren alea, Imanol Larrinagaren irudia azalean.Bosgarren poesia lana du autoreak; eta ezaguna zaio, hala mamian nola azalean, dagoeneko ibilbide bat egina duela, literaturan zein bizitzan.

Liburu laburra da, hiru atalez osatua, bakoitza izenburu batez lagunduta. T.S Elliot-en aipu bat aurkituko du irakurleak lehenbiziko poeman, aurrerago topatuko duenaren arrastoa eman dezakeena: «Denbora oro beti presente badago/ denbora oro da irredimiblea». Maisuaren esanak obraren gai nagusietako bat azaleratzen du. Denboraren gaineko gogoetak dira, izan ere, poemok. Denboraren izaera bera ez ezik, denboraren igarotzea eta horrek utzitako markak ere. Denbora absolutu, abstraktuaren eta denbora konkretuaren arteko hartu-emana da poema askoren oinarria; ni poetikoaren barnean uztartzen dira bi-biak, baina arrazoiketaren mailu kolpeka bainoago, dizdizka kanporatzen dira horren inguruko hausnarketak, txinpartak balira bezala, poetikotasunaren geruzan bilduak. Eguneroko estanpak baliatuko ditu autoreak maiz xendra eternaletan barneratzeko, hiriko paisaia, argiaren urradura, euriaren zarra-zarra.

Denborarekin lotura izanagatik, izaera beregaina duten bestelako gaiak ere lantzen dira. Galera da horietako bat, hutsa edo haustura. Era askotakoa izan daiteke berau: Bitzitzarekikoa, Herioren abaroan; gizartearekikoa, norbere identitatean arakatzeko asmotan; maite ditugunekikoa, doluaren aurpegi garratzekoa. Hutsune horretan, baina, bizitzen ikasi nahi du poetak, ikasi beharra du, «oinazea hari batean bildu»-z. Ilunaren, hutsaren, amildegiaren halako sare lexikal bat osatzen du Makusok: isiltasuna, bakardadea, izotza, oihua, odola. Memoriaren zipriztin horiekin tindatzen du denbora. Beste elementu batzuek izaera iheskorragoa dute, baina nahitaezkoak suertatzen dira aurrekoen zubi gisa; begirada eta itsasoa, esaterako. Iluntasunak iluntasun, poesiak badu, ordea, ukenduaren grazia, zauriak orbaindu eta norbera biziberritzeko gaitasuna: «Ederra da bizitzaren oihartzuna».

Ondo eusten diote poema liburuari hiru atalek. Lehenengoa eta azkenekoa dira mamitsuenak, erdikoak lotura lana egiten duenez. Poemetako hizkuntza leuna eta geldoa, denboraren oharkabeko astuntasuna sentitzerainokoa —lerro laburrek ere laguntzen dute horretan—. Irudi bortitzek apurtzen dute tarteka geldotasun hori. Arinak ere badira poemok, bere laburrean iradokitzaileak. Halere, zenbait piezatan poetaren imajinak ez zaizkit behar bezalako argitasunez agertu, beharbada hitz hautaketa lausoegiarengatik. Makusoren pintzelkadak irudi ederrak uzten ditu; edertasun horri bisturiaren zehaztasuna batzea, ordea, onuragarria zatekeelakoan nago. Sentimenduen arakatzean eta irudien fabrikazioan koxka bat gehiago estutzea, alegia. Edonola ere, ukendua dakarte Juan Ramon Makusoren poemek, edertasunaren ukendu apala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.