Chema Madoz
Non: Donostiako Altxerri galeria. Noiz arte: Irailaren amaierara arte.Iraila bukaera bitartean, eta paraleloki artista beraren inguruan Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean antolatu den erakusketa osatuz, Altxerri galeria donostiarrak Chema Madoz argazkilariaren lana hurbildu nahi izan digu, 1958. urtean Madrilen jaiotako artistaren prozesuan jada ohikoak diren eguneroko objektuen zuri-beltzeko begirada ironiko nahiz metaforikoa argazki multzo baten bitartez aurkeztuz.
Orokorrean galeriaren espazioaren zati handi batean tamaina ertaineko (50x60 zentimetro) lanak ikus ditzakegu, nahiz eta tamaina handiagoko pare bat lan eta multzo bat osatzen duten tamaina txikiagoko sei lan (35x45 zentimetro) ere badauden. Guztiak zuri-beltzean eta titulurik gabekoak. Irudiaren nolabaiteko poetika nostalgiko bat eraikitzen dute liburu, zapata, zaldi, kaiola, armiarma ala edalontziek, kasu bakanetan erabiltzen diren testuekin batera, eta sortzen diren irudiek ez dute inolako intentziorik azaltzen zaigun harreman, ironia ala metaforaren ebidentziaren sinpletasunetik harago joateko. Madozen lanak sentsibilitate berezi bat du, irudi sinpleen harremanaren bitartez sortzen dena. Teknikaren soiltasunaren eta perfekzioaren bitartez pisuzko mezu bat eraikitzen du bere lan bakoitzean, eta objektuen arteko harremanak eta haiek izan ditzaketen berrirarkuketan oinarritzen da mezu hori. Irudien zuri-beltzak eta minimalismoak ere indartu egiten dute mezu hori, koloreek sor ditzaketen distrazio faltsuak alde batera gelditzen direlako eta mezuaren bidez bideratzen diren harreman eta irakurketa argiak sortzen direlako.
Horrela, Madozek, itzalean gordetzen den azti baten antzera, ukiezina den espazio horretaraino garraiatzen ditu fisikotasunetik bildu eta lantzen diren objektu hauek, eta, ondorioz, objektua bera galdu, eta irudimenaren munduan zabaltzen dira ideia eta harremanak. Iragate honekin zuzenki lotuta dago artistaren lan prozesua eta teknika. Prozesuaren eta teknikaren artean kontrakotasun gozo batzuk ematen dira. Alde batetik, garrantzi berezia dauka objektuaren pisua galtzeko bide horretan objektuok argazki bidez erakusteak, irudiak objektua ordezkatzen baitu, haren irakurketarako espazio berri bat sortuz. Bide berean aipagarria da artista madrildarrak formatu analogikoarekin lanean jarraitzen duela, formatu honen bitartez digitalizazioaren manipulazioa alde batera utziz. Artistak berak dioenez, lan egiteko modu honek bere lanek behar duten benetakotasuna jasotzen du, zeren eta ematen den manipulazioak, egiazkoa eta fisikoa izanik, errealitatearekin beste harreman bat sortzen baitu.
Egunerokotasunaren eta ilusioaren arteko harreman zoragarri bat pizten da modu horretan: objektuen sinpletasunaren, argiaren eta denboraren bitartez sortzen den edertasun bat. Pixkanaka askatzen dute beren indarra Madozen irudiek, gaur egungo gizartearekin konparaturik, eta irudiak publizitatearen bidetik hartu duen indarra eta momentuko talka alde batera utziz. Agorrezina dirudien denbora-kiribil batean sartu, eta artistak eta bere lanak gordetzen duten denboraz kanpoko testuingurua eraikitzen dute. Eta hementxe sortzen da artista madrildarraren lanaren edertasuna: denboraz kanpo kokatzen den objektua, ideia eta irakurketaren arteko muga honetan.
Edertasuna, gaur egun, gai lausoa izan daiteke, batez ere artearen eta sorkuntzaren eremuan. Lehen Mundu Gudan dadaistek edertasuna alde batera uztea erabaki zuten, guda hura sortu zuen garaiko gizarteak ez zuela halakorik merezi aldarrikatuz. Antiestetikaren ideia horrek eragina izan zuen ondorengo mugimendu artistiko guztietan, eta egungo arte garaikideraino iristen den estetika eta edertasunaren ideien arteko harremana sortu zuen. Bitxia da oraindik gaur egungo sorkuntza plastikoaren eremuan edertasunak sortzen duen sentipen kontraesanezkoa nabaritzea, askotan ederra den hori beste eremu batzuekin nahasten baita, eta artelana beste (edo bigarren) maila batean sailkatzen baita.
Artista madrildarraren lanaren barruan, berriz, begiradan dago edertasuna. Egunerokoak eta hasiera batean sublimea den horren edertasunarekin inongo harremanik ez duten objektuetan gorde eta identifikatzen den edertasuna sortzen du. Gure begiradak bere konposizioarekin bat egiten duenean sortzen den sentipena metaforiko eta onirikoa izan daiteke, surrealismoarekin ere gertutik lotzen dena. Dena dela, mundua ikusi, erakutsi eta ulertzeko berezko edertasun bat da berea.