KRITIKA. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Durufleren distira

Marta Garcia
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun

Organo Zikloa.Andra Mari Ganbera abesbatza



Zuzendaria: Andoni Sierra. Organoa: Alize Mendizabal. Egitaraua: M. Durufleren Organorako suitearen preludioa op.5 eta Requiem. Lekua: Donostiako San Bizente eliza. Eguna: Abuztuak 3.

Aldarean kokatutako pantaila handiarekin suertatutako arazo teknikoak zirela eta, ia hogei minutu atzeratu zen aurtengo Organo Zikloaren lehen kontzertua. Donostiako San Bizente eliza bete zuen publikoak patxadaz eta txaloz jaso zuen ezusteko txiki hori, ziklo honi zor zaion errespetu sakonaren seinale.

M. Durufle konpositore eta organo jotzaile frantziarrari eskainitako programa Suite op.5-aren Preludioa-k ireki zuen. 1933. urtean idatzi zuen, organorako, eta Paul Dukas bere konposizio irakasleari eskaini zion. Alize Mendizabalek —Donostiako Santa Maria basilikan organo jotzaile titularra ere bada— orkestra oso baten aukerak biltzen dituen intrumentu honen gain dituen ezagutza eta trebezia zalantzaz kanpo daude. Hasierako iluntasunetik klimaxera ñabardura anitzez eraman zuen San Bizenteko organo erromantikoa, bukaerako akordeen barealdian atseden hartuz.

Arras ezaguna den Requiem-ak osatu zuen programa. Andoni Sierraren zuzendaritzapean, lehen Introitus eta Kyrie ataletan Andra Mari Ganbera abesbatzak oreka eta kolore ederrak eskaini zituen, Duruflek obra guztian zehar erabilitako kantu gregorianoaren gaiak argitasunez landuz. Ofertorioan, ostera, abesbatzako ahotsek ez zuten Libera eas zatiak eskatzen duen bizitasun nahikoaz erantzun. Jesus Garcia Arejula baritonoak aiurri sendoz ekin zion Hostias eskariari.

Duruflek hilen mezek duten joera lazgarria alde batera utzi eta espresioaren fintasuna taxutzen duen proposamen bat egiten du. Horregatik, eta G. Faureren antzera, Dies irae sekuentzia kendu egiten du, eta amaierako Pie Jesu erauziz, mezzosoprano eta nahitaezko biolontxelo batentzat idatzitako atal bereizia eraikitzen du. Lucia Gomezen ahotsak zama dramatiko nabarmena duen erregu hori modu dotorean haragiztatu zuen, Alejandro Saul Martinez biolontxeloan zela, biek indar biziko interpretazioa eskainiz. Azkeneko ataletan, eta Sierraren keinu gozoei men eginez, abesbatzan eta organoan sotiltasuna izan zen nagusi, ongi neurtutako dinamika eta tempoak gidari. Leuntasunean ere bada handitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.