Irene Pujadasek esana da, eleberriak irakurlea bidean laguntzen duela eta ipuinak, aldiz, bakar-bakarrik uzten zaituela, zuregan ideia bat, irudi bat, lehertu ostean. Ez dakit ipuingintza osoari aplika dakiokeen hausnarketa den, bai, ordea, Garazi Arrulak argitaratu berri duen ipuin liburuari, horrelakoa baita lehen irakurketak uzten dizun gorputzaldia, ezinegon kontenitu baten antzerakoa. Durduza erdiesten dute Lurraz beste-ko lanek, gozoa eta bihurria.
Baretasun arriskutsu batek biltzen ditu ipuinak, eguneroko eszenak abiapuntu izanda ere, aztoramen zantzuak nabaritzen baitira giroan, irakurlea adi jarrarazten duen arroztasun deserosoaren seinaleak. Izan ere, ipuinetako pertsonaiak desplazatuta ageri dira, euren ardatzetik lekualdatuta, bakoitzaren bizi-eskemetan akatsak edo aldaketak hauteman baitituzte, ez egitura osoa erorarazten dutenak, baina bai lurrikara txikiak sortzen dizkietenak. Gizaki orok bezala, gabezia horiek disimulatzen saiatzen dira sarri, baina tartean sortzen diren arrakalak, hondakinak eta kontraesanak azaleratzen dira azkenerako. Harridura, autoengainu edo egiaztapen forman ager daiteke, baina ipuinetako protagonistek hori bera dute amankomunean, deskolokatuta sentiarazten dituen asaldura.
Gai ugari lantzen dituzte ipuinek, etxe bilaketak, maitasun harremanen higatzea, laguntasunaren ezin asmatuzko bideak, familia-egituren buruhausteak, laneko obsesiotxoak, pandemia... eguneroko bizitzaren gorabeherak izan daitezkeenak denak. Alabaina, kontaketa nagusiaren atzean bada beti beste gai bat, elefante baten gisa gelaren erdian dagoena, baina inork aipatzen ez duena, esplizituki behintzat ez, eta, beraz, irakurlea arreta mantenaraztera behartzen duena. Esaterako, bakardadeak leku hartzen du ipuin ia guztietan, itxura desberdinetan bada ere. Hala ere, gehienetan, bakarrik dagoena ez da babesgabe sentitzen dena, harengan arreta jartzen duena baino, eta jolas horretan mugitzen dira barne-harietako asko. Irakurleari proposatzen dion hartu-eman horretan dago liburuaren indargunea, hori bai, zenbait ipuinetan sakon arakatu behar da esan gabeko horien aztarnak aurkitzeko. Detaileak, tranpak, gezur txikiak, ipuingintzaren muinari heltzen dio horien bidez Arrulak, eta hala sortzen ditu arinkeriaz irakurtzeko eginak ez diren ipuinak, baizik eta lan egitekoak. Bi aldiz irakurtzekoak ere bai.
Gaur egunean kokatu ditu idazleak ipuinak, Iruñeko auzoetan, Nafarroa erdialdeko paisaietan, eta gertutasun horrek berezko kolorea ematen dio liburuari, baita hizkera ere. Izan ere, hizkuntza aberatsa eta erregistro ugari darabiltza idazleak, kaleko hizkeratik gertu zenbaitetan, estilo poetikoa baliatuz sarri. Esaldi bakoitzari garrantzia eta bizia emanaz, plazer literario handiko irudiak eta idazmoldeak lortzen ditu Arrulak han-hemenka, eta horiek ipuin bakoitzerako hautatu dituen baliabide narratiboekin elkartuz, liburu interesgarria osatu du. Ausardia eta esan nahia nabari dira, eta horiek beti dira eskertzekoak literaturan.
'Lurraz beste'
Durduza eta engainua
Egilea: Garazi Arrula. Argitaletxea: Txalaparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu