KRITIKA. Opera

Dramaren bideetan galduta

Pagliacci operaren entsegu bat, lehengo astean, Kursaalean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Marta Garcia
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun

'Pagliacci'

Zuzendariak: Iker Sanchez Silva (musika), Carlos Crooke eta Pablo Ramos (eszena). Abeslariak: Nacho Guzman (Canio), Ainhoa Garmendia (Nedda), Hao Wen (Tanio), Pau Armengol (Silvio), Aitor Garitano (Beppe). Abesbatzak: Promusika Abesbatza, Santa Zezilia Abesbatza, Easo Eskolania. Dantzariak: Militia Raw dantza taldea. Musika: Opus Lirika Orkestra. Egitaraua: R. Leoncavalloren Pagliacci. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Otsailak 18.

Opera izen klasikoak publiko garaikideari hurbiltzeko asmoz (arduradunek hala ematen dute aditzera), Opus Lirica elkarteak eskaintzen dituen ekoizpenak askotan mugitu izan dira ausardiaren eta deskalabruaren arteko mugan, tarteka bigarrenetik atera ezinik. Akaso Pagliacci obraren aukeraketa ulergarria izan daiteke bere iraupenagatik, motza baita beste operekin alderatuta: soilik ordu eta erdiz eusten digu musikak bi ekitalditan. Horrek ez du esan nahi, inondik inora ere, erraza denik. Guztiz kontrakoa. Musikari zein istorioaren garapenari dagokionez, obra zaila eta konplexua da, eta ahotsen gain zama handia jartzen du. Taula gainean, hala, verismoak bi osagai behar ditu gutxienez modu egokian zabaldu dadin, eszenan zein partituraren interpretazioan: egia eta xehetasuna. Halakorik ez zen egon larunbatean Kursaalean.

Batutan aurrera egiteko ahaleginak sumatzen ziren nonbait, baina, kanpotik behintzat, intentsitate dramatikoaren eta dinamiken malgutasunaren arteko oreka falta nagusitu zen. Ahotsetan, orokorrean, pisua eta presentzia falta ziren, eta horrek ere zaildu zuen fosoarekiko harremana. Bi protagonisten parte hartzeak urardotuak suertatu ziren; izan ere, bai Neddaren Qual fiamma avea nel guardo, bai Canioren Vesti la giubba arietan ez zen zama lirikorik izan, eta, ondorioz, oharkabean pasatu ziren taula gainean zegoen anabasaren artean. Hori izan zen, ziurrenik, operaren jarraitutasuna zaintzeko oztoporik handiena, eta Arlecchinoren O Colombina il tenero fido Arlecchino arian luzimendua eragotzi zuena.

Eszenan hainbeste elementu jokoan jartzen direnean kontu handiz ibili behar da, hain zuzen ere, musikarekin talka egon ez dadin. Une oro dantzarien mugimenduak eta danbatekoak, haur taldea harat-honat, abesbatza eszenaurrean gertakarien hariekin jolasean... drama honetan gehigarri edo giro izan baino gehiago, traba izan ziren. Xehetasunek egiaren bidea irekitzen dute; apaingarriek, hautsi. Sarritan, Pagliacci honetan bezalaxe, nahasi egiten dira, baina ez dira gauza bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.