KRITIKA. Musika

Dotorezia kiloka

Arkaitz Mendoza.
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

Luxenburgoko orkestra filarmonikoa

Zuzendaria: Gustavo Gimeno. Biolina: Vilde Frang. Egitaraua:G. Mahler-C. Matthewsen 'Nicht zu schnell', L. van Beethovenen 'Biolinerako Kontzertua' eta P. I. Txaikovskiren '5. Sinfonia'.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Azaroak 11.

Dotorezia kiloka, fintasuna tonaka eta pasioa gramotan. Gustavo Gimeno valentziarraren orkestra frantziarrak dotorezia eta, batez ere, zehaztasun erritmiko paregabea islatu zituen kontzertu guztian. Gimenoren batuta zorrotza eta zuzena da, ez dago inongo oszilazio erritmiko edo melodikorik, eta, argitasuna gaur egun eskertzen den bertutea denez, orkestra zuzendaritzan ibilbide garrantzitsu bat garatzen ari da. Ez da erotzen, nahiz eta Luxenburgoko orkestrako instrumentu sendi bakoitzari jan emate berbera eskaini. Haize egurrak —batez ere klarinete bakarlariak— gehiegizko ozentasunean abiatu zuen Piotr Ilitx Txaikovskiren Bosgarrena, eta handik aurrera soinu oreka hautsi egin zen, melodia eta akonpainamendua maila berean jasoz. Orkestra autobide on batean barneratu zen eta eroso zihoan aurrera begira, nahiz eta inguruko fauna eta flora begiztatzeko aukerarik ez eduki. Hori da Gimenoren batutan faltan sumatzen dudana, argitasunari pasioa edo bihotz pirrinta bero bat gehitzea, musika errusiar honek behar duen handitasunari eta ereserki garaileari behar bezalako pisua iradokiz.

Iaz, Musika Hamabostaldian entzun genuen orkestra hau, eta aurten ere lehengai berberak plazaratu ditu agertokian. Soinu biribil baten bilaketan hobetzeko dagoen haize egurra, emankor eta zehatz agertzen den haria—horra hor biolontxelo talde sutsua— eta haize metal erosoegi bat; zuzen eta ziur jotzearekin nahikoa dutenak. Tinbal jotzailea Gimenoren eskuin eskuari leial, eta, osagai guztiak elkartuta, orkestra zuzen eta zorrotz bat, duela urtebete komentatu nituen ardatz berberetan. Eta parekotasun honi jarraiki, gaurkoan ere bakarlari bikain bat: Vilde Frang biolin jotzaile norvegiarra. Zoragarri soinuan, txundigarri partituraren bilakaera adierazkorrean, eta fintasuna, lehen esan bezala, tonaka barreiatu zuena auditoriumean. Orkestra bigarren maila batean ondo ezkutatu zen bakarlariari askatasun guztia eskainiz; erabaki zuhurra oso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.