Egilea: Yoseba Peña.
Argitaletxea: Susa.
Izan zara», «zinen», «zara», «izango zinen», «izango zara», horrela eta tipografia bereziko hizkiekin bukatzen dira eleberri honetako bortz ataletatik lehenbiziko laurak. Denbora jarraipen bat, pertsonaia nagusiaren eta egoera batean haren inplikazioaren aurkezpenetik, pixkanaka gero zer zinen (gertaeran konplize), zer zaren orain (ezer ez, «etorkizuna besterik ez»), zer izango zinen (gertaeraren ondoren gauzak bertzela joan izan balitzaizkizu) eta zer izango zaren (betirako «istorio honetan azkenean»). Denboraren kate-begiak, haien zurrunean baina balizko bertze posibilitate bati begirada itxi gabe. Hori bai, erremediorik ez duen eternitate batetik ikusiz denboraren segida zehatza, gertaeren eta bizipenen kateamendua. Izan ere, aurkezpeneko gertaeran hildakoa mintzatzen zaio protagonistari.
Eleberriaren agertokia ere berezia: Donostia. Baina ez gure topiko turistikoetakoa: «Imajinatu Donostia, baina ez postaleko glamourra», «benetako Donostia» baizik, «maskorrak ezkutatzen duena». Jende apalaren Donostia, «lan besterik egiten ez duten»-ena. Asturiastik etorritako familia bateko hiru seme, Donostian jaiotakoak berauek. Seme nagusia, langile baina saltsa guztietan muturra sartzeko prest, dela protesta erradikaletan, dela drogazaletasunean, dela gautxorien munduan, eta beti bere burua nabarmen, halako lidergo bat bereganatzen. Bigarren semea, protagonista, unibertsitateko ikasle, soziologoek «bekadunaren traizioa» deitu duten horretan, klase-traizioaren tentazioan erraz erortzeko abagunean: klase altuko neska batekin maitemindurik, hanka bat mundu batean eta bestea hanka bestean. Hirugarren semea, autista, familia osoaren babesa behar duena.
Lehen atalean egiten digu Yoseba Peñak protagonisten, testuinguruaren eta abiapuntu den gertaeraren aurkezpena. Horrela erranik, kontakizunaren oso antolamendu klasikoa dirudiela pentsatuko du irakurleak. Ba, ez, abisu eman behar. Oso pertsonalki landua dago nobela, bi pertsonaia nagusien ahotsetan, horien erregistroetan, elkarrekiko gurutzaketetan… Narratzaileak protagonistari zuzentzen dizkio hitzak, zuka; protagonistak bere gogoetak, sentipenak eta bere egintzak kontatzen ditu, batzuetan ere narratzailearekin solasean. Bi ahotsak tipografikoki bereizten dira, letra arruntean narratzailearena, italikoan protagonistarena. Hurbiltasun, bizitasun, inplikazio sentsazioak transmititzen dizkigu irakurleoi, nola edo hala eleberriaren zertzelada, gogoeta eta ezinegonetan partaide sentiarazteraino. Eta eleberriak planteatzen duen arazo nagusia ez da nolanahikoa: Euskal Herriko giro antiterrorista polizial eta mediatiko paranoikoan, droga kontu batean sorturiko istripu hilgarri bat tartean, mendeku bila joanen dira lagunak droga banatzailearengana, eta hil egingo dute, protagonista ezustean lekuko suertatuz; sarraskia ikusita, poliziari deituko dio, baina bere anaia nagusia agian mendekarietako bat da; ba, komando terrorista bihurtuko dute hiltzaileen lagun-taldea hedabideek eta poliziak, eta bi anaiek muturreko eredu bana islatuko dute: terrorista/heroi bata, terrorismoaren salatari heroiko bertzea, protagonista. Glamourreko Donostiak benetakoa estaltzen duen bezala, errealitatean gertaturikoak ez du zerikusi handirik medioek asmaturikoarekin. Horren inguruan harilkatuko dira gertaerak, gogoetak, bi pertsonaia nagusien arteko solasak, osagai horiekin lodituko da Peñak estilo onean eta trebeziaz landuriko saltsa.
Haren opera prima dugu Hodeien adorea eleberri hau, non promes oparo eta kitzikagarriak aurreikus ditzakegun.
Literatura. 'HODEIEN ADOREA'
Donostiako maskorraren azpitik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu