Nick Cave abeslari australiarrak The Bad Seedsekin batera argitaratu du joan den irailean estudioko azken diskoa, beste behin. Lau minututik beherako abesti bakarra eta ia sei irauten duten zortzi kantaz baino gehiagoz —guztiak pianoaz konposatuak— osatuta dago taldearen hamaseigarren lana.
Oraingo honetan berezitasun nabarmen batek markatuta dator, baina, Skeleton Tree diskoa; izan ere, duela urtebete, abeslariaren 15 urteko semea troka batean erorita hil zen Brightonen, eta, album honetako sortze prozesu guztian berriki gertatuaren mina ohargarria izanik, emaitzaren detailerik txikienean ere antzeman daiteke. Betidanik izan da iluna Nick Caveren musika. Negu-giroko egun gris baterako soinu banda diruditen abestiz osatua du bere diskografia, baina honako disko honetan, izenburutik bertatik hasita, heriotza presente da era batera edo bestera. Gainera, Cavek berak hasiera-hasieratik esan du sekula ez zukeela lan hau sortuko gertaera hura pasatu izan ez balitz.
Nondik norako horien guztien berri izateko eta abestiak haren begi eta belarrien bidez barneratuta ulertzeko lagungarri den One More Time With Feeling dokumentala ere estreinatu berri da, dolu garaian grabatutakoa, eta aitak semea supituki galtzean bizi izan duen mina lehenengo pertsonan azaltzen duena. Diskoaren osagarri ere izan daiteke, beste era batera sentitzen baitira kantuak filma ikusi eta gero: nola azaltzen duen bat eta beste, nola jartzen duen esandako guztia dudan, nola sentitzen duen barruan daukan zera ezezagun horrek sormena lapurtu diola, minarekin adiskidetzen saiatzen bada ere. Diskoaren osagarri izan litekeela diot; izan ere, hasiera batean diskoak transmititzen zidana mina eta sufrimendua bazen, orain min eta sufrimendu horri aurre egiteko sortua izan dela iruditzen zait. Lehen abestia —Jesus Alone— heriotzaren aurretik konposatu bazuen ere, belztasuna hasieratik ageri da, eta segituan sartzen zaitu lehen aipatu ia 40 minutuko min, dolu eta gainditze bidaia horretan.
Inoiz baino giro-musika estilokoagoa, liseritzen zaila den lana da honako hau; aurrera egin eta hobetuz doala sentitzen duzunean, Distant Sky bezalako abestiekin korapilo bat egiten zaizu eztarrian, haren emaztearen ahotsa azaldu, eta «let us go now» (goazen orain) abesten dutenean. Esperimentalagoa, anbientalagoa eta abstraktuagoa da musika, eta kantuak abestu ordez errezitatu egiten dituela dirudi askotan. Erraietatik ateratako lana, barrenak husteko egindakoa, iluna, sentimenduz betea, gogorra... eta maisulana. Izugarria baita Cavek disko on bat egiteko duen gaitasuna, horrelakorik egitea pentsatu gabe ere; are izugarriago, berak abestiak sortzean sentitutakoa entzuten ari denari transmititzea, hotzikararen bat sortzeraino. Maisu baten aurrean gaude, eta, nahi gabe bada ere, haren lanik onenetakoa da hau.
Nick Cave & The Bad Seeds. 'Skeleton Tree'
Dolua maisulan bilakatuta
Diskoetxea: La Frette Studios.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu