Khantoria
Zikloa: Musika Aitzakia. Musikariak: Lorena Garcia (sopranoa), Virginia Gonzalo (organettoa), Ander Berrojalbiz (rabel eta biolina), Maider Lopez (biola). Egitaraua:Errenteria 1320: Una villa entre el camino y el mar. Lekua: Errenteriako (Gipuzkoa) Jasokundeko Andra Mariaren eliza. Eguna: Abuztuak 10.Izen aldaketa aproposa egin zuten Musika Hamabostaldiko arduradunek, euskaraz, Hamabostaldi Ibiltaria zena Musika Aitzakia Zikloa bihurtzean, musika ere aitzakia izan daitekeelako, eta ez soilik helburu. Hala izan zen astelehenean Errenterian egin zen kontzertuan. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren sustapenari esker, itsasoa eta bide santuak biltzen zituen bidaia musikala eskaini zuten Khantoria taldeko kideek, Errenteria hiriaren 700 urteurrena ospatzeko eta kontatzeko.
Ander Berrojalbiz biolin jotzailearen azalpenez hornituta, X. eta XV. mendeen artean zabaldu ziren doinuen joan-etorriak eta zergatiak ezagutu ahal izan ziren. Kontzertua hasi baino lehen argitu zuenez, programa Madalenako Ermitan eskaintzeko pentsatua izan zen berez, eta, egiaz, errepertorioak espazio murritzagoa profitatuko zuen; izan ere, Jasokundeko Andre Mariaren elizaren hiru nabeetan erreberberazio handiko akustika dago. Baina Lorena Garcia sopranoak giroan sartu gintuen berehala, In diebus illis antifona ahots garbiz eta gustu onez zabalduz.
Programaren erdigunean, Mikel Laboaren bertsioan ezagunena egin zen Bereterretxen Khantoria melodiaren ibilbidearen historia zegoen. Bereterretxen oinatzak (2011, Balea Musika Ideiak) diskoan aurkeztu zuten hipotesia errepikatuz, izan liteke melodia horrek X. mendeko Jam Christus astra ascenderat Mendekoste ereserkian jatorria izatea, XIII. eta XIV. mendeetan Erruango katedralean eta baita Las Huelgaseko Monasterioan ere gorde ziren Verbum Patris hodie bertsioen melodiarekin bat eginez. Urrutiko portuetako doinuak ere sartu ziren elizara, jatorrizko musikarekin batera gordetzen diren euskarazko lehen hitzak biltzen dituen Une mousse de Biscaye kantan «Soaz, soaz ordonarequin» ezkutua zein Oiartzualdean jasotako Frantziako Anderea koplak plazaratuz.
Urak eta lurraldeak zeharkatu zituen bidaia luzean lagun adeitsuak izan ziren Khantoria taldekideak, juglareek musikarekin, ahotsarekin eta istorioekin harrapatzeko zuten gaitasuna sen onez jasoz.