Bingen de Pedro
Erakusketa:Ihesaldi.Non: Donostiako Kur arte galerian. Noiz arte: Apirilaren 20ra arte.Kur galeria Donostiako Zurriola pasealekuan dagoen espazio interesgarri bat da. Eskailera batzuk jaitsita, espazio ireki zabal batek ematen digu ongietorria; apirilaren erdira arte, Bingen de Pedro (Bergara, Gipuzkoa, 1961) artistaren lanek eraldatzen dute espazioa, pinturaren eta eskulturaren mugetan kokatzen diren lan batzuen bitartez.
Espazioaren eraldaketa hori artistak lantzen duen obratik dator. Izaera geometriko eta arkitektoniko argia du. Eskulturaren eta pinturaren arteko joko bat egiten da, eta formatu ertainetik handira zabaltzen den multzo batean, azalera bidimentsional nahiz tridimentsionalen bitartez, estrukturaren eta espazioaren ikuspuntu berri bat sortzen du. Orokorrean, paretako lanak dira gehienak, eta, aretoaren erdialdean, paretatik guztiz ateratzen diren hainbat lan ikus ditzakegu, izaera eskultoriko oso bat dutenak. Orokorrean, lan gogorrak dira estetikoki: errepikatzen den atzealde beltz baten gainean, estruktura geometrikoak altxatzen dira, argiztapen jakin batekin, eta zuri-beltzen artean kolorearen erabilera kontrolatu bat ematen da, urdin, gorri nahiz orlegi indartsuen degradazioak, erabatekoak horiek ere.
De Pedroren lanean, elkartzen doazen joko ezberdinak gertatzen direla esan dezakegu. Batetik, euskarriaren lanketa dago, eta pareteko bidimentsionalitatetik hirugarren dimentsiorako bilakaera gertatzen da. Horri pinturaren jokoa gehitzen zaio, aurrekoarekin guztiz lotuta dagoena eta espazioaren bilakaerari dimentsio berri bat gehitzen diona. Eta esan dezakegu horri guztiari De Pedroren lanek duten mugimendu izaera gehitzen zaiola nolabait; hau da, pinturaren bidez sortzen doazen espazio eraldakorrak izan daitezke, etengabeko mugimenduan dagoen estruktura baten irudiak. Mugimendu hori euskarriak erakusten duen tridimentsionalitaterako joera horrekin azpimarratzen da, multzoaren barruan eboluzio bat gertatuko balitz bezala.
Horrela, artearen barruko artea ematen dela esan dezakegu: eskultura, pintura, eskultura... Pintura bidez sortutako eskulturak berezko beste ezaugarri batzuk bereganatzen ditu, beste zentzu bat hartuz. Artista honen kasuan, pintatutako espazioek eta estrukturek alegiazkoa den mundu baten sentipena zabaltzen dute; artistaren imajinarioan sortzen diren espazio onirikoak dira. Alderantzizko kasuan, berriz, aretoko lurrean kokatzen diren estruktura tridimentsionaletan, oinarri eskultorikoak pinturari materialtasuna gehitzen dio, eta, kasu horietan, pinturak tridimentsionalitate horren izaera eraldatzeko elementu gisa jokatzen du.
Diziplinen arteko joko hori ez da inola ere berria artearen munduan, beste hainbat diziplinatan ere ematen baitira horrelako jokoak. Literaturaren munduan nahiz zinemaren munduan ohikoak dira kontakizunaren barruan egiten diren beste kontakizunak. Eskultura, erliebe edo arkitekturaren irudikapena oso erabilia izan da pinturaren historian, itxurazko arkitekturaren edo pintura ilusionistaren barruan. Erreferentzi horiek, De Pedroren kasuan, eskulturaren eta pinturaren artean gertatzen den lehia horretan sortzen den errealitatearen eta fikzioaren arteko hartu-eman hori eraikitzen laguntzen dute: hasieran sumatzen den elementuen irmotasunaren atzean, itxurazkoa den mundu batek gehitzen dituen erreferentzien aberastasuna gordetzen da, eta lanaren beste aspektu bat antzeman daiteke.
Diziplinen arteko hartu-eman hori, kasu askotan, erdibidean kokatzen du artistak, pareteko lanetan euskarriek hirugarren dimentsio bat bilatzen baitute, artistak sortu dituen bolumen ezberdinen bitartez. Pintatutako estrukturek eskulturak berezkoak dituen ezaugarriak galtzen dituzte, bidimentsionalitatetik gertu dauden gezurrezko espazioak sortuz. Horrela, pinturak eskultura bereganatzen du, ikusleak horrekiko duen begirada eta ikuspuntua zehaztuz eta finkatuz, nahiz eta De Pedro ilusio hori mugara eramaten saiatzen den.
Eskulturak den hori erakusten duela zioen Berninik, dimentsio gehiagorekin, pinturak ez dena erakusten duen bitartean. De Pedroren kasuan, denaren eta ez denaren arteko joko hori egiten dela argi dago, nahiz eta bere kasuan ilusioaren muga horiek behartzen saiatzen den, gogoetarako kontzeptu interesgarri bat jorratzen duen lan bat aurkeztuz.