Liburu bat etiketa garbi batekin aurkezten denean, saihetsezina da, eta igual baita beharrezkoa ere, obra hori beste lan ugariren argi kontra leitzea. Hortaz, Afrikanerrak honen kontrazalari distopiaren mozorroa irakurtzen diogunetik, ezinbestean datozkigu burura gutxienez genero horren gailurrekoak, hala nola Orwellen 1984, Bradburyren Fahrenheit 451 eta Huxleyren Bai mundu berria, baina baita Black mirror edo The Handmaid's Tale telesailak ere, adibidez, egungo eztanda diziplinartekoan. Gutxi-asko, zientzia-fikzioko distopia horiek badituzte ezaugarri orokor batzuk: kontatzen zaigun mundua arrotza dugunez, haren girotzea propio zamatu ohi da, gure munduarekiko konparazioari (eta kritikari) bide emateko. Horren aringarri, pertsonaia batek nolabaiteko bidaia bat egin ohi du, zeinean apurka traza hartzen baitio bere errealitatearen gonapeari; akaburako, haren kontra altxatzen da, edo behin betiko besarkatzen du, oharkabean bada ere.
Nobela honi nabaritzen zaio eskema horren aierurik, baina batez ere hari segitzeko ezina nagusitzen zaiolako. Erabat baztertuta ere, generoaren konbentzio horiei ikasi behar zaie distopia orok oreka bati eutsi behar diola girotzearen eta narrazioaren artean. Horri dagokionez, Afrikanerrak hau erabateko porrota da, bi elementuok ezinago pobre baitaude garaturik, are traketsago uztarturik. Trama eta pertsonaiak indargeak dira, eta erabat irensten ditu hemendik hogei bat urteko Euskal Herri horren girotzeak. Baina girotze hori ere apenas dagoen zirriborratua, eta, akaburako, egileak bertan goxo egiten du, gaur-gaurko pare bat erreferentzia eramanda hemendik hogei urtera (bigarren Euskaraldia, Fermin Muguruza aguretua, Fakirraren ahotsa nobela «ondo zahartua»). Errazkeria franko, eta mamia eskas.
Argumentuak ere apenas egiten duen aurrera kontrazaletik. Batetik, Afrikako gerra dugu: Europako Batasunaren tropak Afrika iparraldea inbaditua dute, Afrikar Koalizioaren kontra borrokan, legez kanpoko migrazioa kontrolatzeko. Euskal Herrian, Alderdi Beltzaren diskurtso xenofoboa da nagusi, zeinak abertzaletasun sutsu eta oldarkor batez janzten dituen gerrara bidalitako gazte euskaldunak. Premisa horiek guztiak dira interesgarriak, baina ez doaz premisa hutsetik harago; haietan sakontzeko beldurra nabari zaio nobelari, jakingo balu bezala harago joz gero areago hondoratuko litzatekeela, bere eskasean.
Bestetik, protagonistak ditugu, Eider eta Aitor bikotea; txandakatuz doaz bataren eta bestearen kapituluak, lehen pertsonan eta orainaldian kontatuak, baina ezin bereizizkoak dituzte ahots narratiboak, eta biek trakeskeria beraz aletzen digute trama, girotzearen zertzelada arbitrario samarrak kosta ahala kosta erantsita. Istorioari dagokionez, bikote-harreman baten higadura arrunta kontatzen zaigu, hasi bezala bukatzen dena, tartean apenas gorabeherarik gabe.
Azkenik, aipatu behar da prosaren baldarra ere, zeren txinpartatsua eta bizia izan nahi baitu, baina gogaitzera ere iristen baita, batez ere aditzak alboratzen direnean. Nabari da estilo-nahia, baina estilo kaskarra, inondik ere.
Egongo da inor beharbada gozatuko duena etorkizuneko Euskal Herri lauso horren erreferentzia axalekoekin, baina balizko plazerak nekez zuritzen du nobela bat non baldarkeriak etenik gabe segitzen dion baldarkeriari.
Literatura. 'Afrikanerrak'
Distopia bat
Egilea: Eneko Barberena. Generoa: Eleberria. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu