Euskadiko Orkestra
Zuzendaria: Robert Treviño. Harpa jotzailea: Xavier de Maistre. Egitaraua: A. Ginasteraren Harpa eta orkestrarentzako kontzertua op. 25 eta D. Xostakovitxen 10. sinfonia op. 93. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: abenduak 10.Euskadiko Orkestrak ondo ezagutzen duen artista bat gonbidatu du 2021eko azken programan: Xavier de Maistre harpa jotzailea. Gazte-gaztetatik Bavierako Irratiaren Orkestran eta gero Vienako Orkestra Filarmonikoan harpalari nagusi gisa aritu ostean, bakarkako ibilbideari ekin zion duela zenbait urte, eta nazioartean instrumentu horren erreferente izatera eraman duen arrakasta lortu du geroztik. Robert Treviñorekin batera, inguruan gutxitan entzun den Alberto Ginasteraren kontzertua eskaini zuen. Estreinaldian, 1965an, Nicanor Zabaleta izan zen bakarlaria; De Maistre harpan sakontzen jarraitzera bultzatu zuena, hain zuzen ere.
Folklorearen lanketa pertsonala eta abangoardien hizkuntza bateratzen ditu kontzertu horrek, Hego Amerikako herri musikan hain errotuta dagoen gitarra ordezkatuz. Lehen mugimenduaren malambo dantzarekin harparen alderdi guztien miaketa hasi zen, De Maistreren birtuosismoa gidari. Baliabide ohikoak diren glissandoez eta arpegioez gain —hortik dator, izan ere arpeggio hitza: «harpan jotzea»—, melodia lirikoak eta erritmo sutsuak ere ageri dira. Molto moderato-an De Maistrek orkestraren sostengu trinkoa jaso zuen, zelestak sortzen duen giro berezian sartuta. Azken mugimenduko kadentzia gustagarriak eta bis bikainak (Manuel de Fallaren La vida breve-ko 1. dantza espainiarra) arrandiaz amaitu zuten lehen zatia.
Dmitri Xostakovitxen 10. sinfoniak osatu zuen kontzertua, Stalinen heriotzaren ondoren bukatutzat eman zuena. Kointzidentzia historiko horrek zein sinfoniaren izaera asaldatu eta mingotsak XX. mendeko artearen teorian eta kritikan zabalduta dagoen joera piztu dute sarritan: artelana diskurtso jakin bat zein kontrakoa legitimatzeko tresna bihurtzea. Haatik, ad hoc egindako edozein justifikazioren gainetik, ostiralean musika izan zen nagusi: Moderato-an klarinetearen eta flautaren gaien garapenean zein tutti bortitzetan, perkusioaren zama errudunean, tronparen sendotasunean, haizeek Andante-an egindako erakustaldian. Bere baitan helburu, eta ez bitarteko.