KRITIKA. Artea

Disekzio gozoa

Bilboko Carreras Mugica galerian dauden piezetariko batzuk. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2016ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

'Jaramonik ez egiteko hurbilegia, esku hartu ahal izateko urrunegia'

Artista: Txomin Badiola. Lekua: Carreras Mugica galeria, Bilbo. Noiz arte: Martxoaren 24ra arte.

John Ashberyren Self-Portrait in a Convex Mirror (Autorretratua ispilu konbexuan) poematik datorkio izenburua Txomin Badiola (1957) artistak Bilboko Carreras Mugica galerian aurkezten duen bigarren erakusketari. Artista bilbotarraren azken erakusketa honetako lanak ez dira gai beraren inguruan garatzen, 2009. eta 2015. urteen artean sortu eta elkarren artean loturarik ez duten bost artelan multzotan baizik.

Erakusketako artelanak Bilboko galeriaren areto nagusian zabaltzen dira. Bost multzotan banaturik, orokorrean paretetako obra tridimentsional eta bidimentsionalez osatzen da, areto erdian dagoen Le Radeau (Zer da ikusten dudana? Zer da ikusten ez duzuna?) izan ezik. Erakusketa bi multzo nagusiren barruan egituratzen da: Froga-Metatzea dela-eta (sasikumea) multzoa da lehena, eta bigarren multzoa, berriz, Arrazoiaren Praktika Baldintzagabea; Nork Agintzen Duen Da Garrantzitsua; Contra-Goodvives-Erliebea (Let Her Paint) eta aipatutako Le Radeau eskultura-instalazioek osatzen dute.

Lehen multzoa estucco-arekin margotutako zurezko egituraz eta aluminio galdatuaren bidez sortutako objektuz eraikitako lau artelanek osatzen dute. Paretako eskulturak dira, sasikume kontzeptupean eta bustoen abstrakzioan murgilduz, materialen edo izaeraren jatorria arakatzen dutenak. Bigarren multzoa osatzen duten lau eskultura-instalazioak oso identifikagarriak dira Badiolaren lanaren barruan. Erakusketa sarrerako Arrazoiaren Praktika Baldintzagabea jardute honen adibide ezin hobea da. Bertan, altzairuzko egitura baten inguruan egurrezko eraikuntza bat altxatzen da, eta ikuslearen arreta eskatzen duen lehen planoko metalezko lanparaz gain, estrukturaren atzean gordetzen den argazkia barneratzen da. Multzoko beste hiru lanek ere lehen honek duen kutsu arkitektonikoa gordetzen dute, betiere eskulturara bideraturik. Egurrezko estruktura eta metalezko elementuak irudi, testu edo bestelako objektuekin osatzen dira. Artelanen konplexutasunak ikuslearen esfortzu bat eskatzen du, askotan nahikoa ez den esfortzu bat. Estetikoki zoragarriak, ideia edo kontzeptu baten abstrakzioak dirudite. Oso pertsonalak.

Mitologiak. Dagoeneko denok badakigu nortzuk garen artelanak, Susmoa (Objektu Txarra) lanaren bi bertsiok eta Idolatriaren Desantolamendua serieak osatzen dute erakusketa. Aurrekoekin alderatuz, erakusketaren barruan pisu gutxiago hartzen duten lanak dira. Lehen biek erakusten dituzten elementu tridimentsionaletatik abiatuta, erakusketa bidimentsionalitaterantz bideratzen dute Idolatriaren Desantolamendua osatzen duten argazki gaineko collage eta margoek. Benetan lan interesgarriak dira; artista bilbotarrak hiru dimentsiotan elementu ezberdinekin espazioa egituratzeko duen gaitasuna bi dimentsiotan errepresentatzen dute.

Artelanak erabat identifikagarria den Badiolaren identitate eta estetikaren inguruan elkartzen badira ere, erakusketak osotasunean ez dio argudiobide bati jarraitzen, eta taldeak ez du osotasun bat gordetzen. Artelan talde bakoitzak ezaugarri propioak azaleratzen ditu, eta elkarren arteko komunikazio estetikoa begi bistakoa den arren, talde horietariko bakoitza sormen prozesu propio baten emaitza da. Horrela, artistak artelanarekin izan duen hartu-emanaren emaitza dira multzo ezberdinak; prozesu jakin batean artelanak eta artistak jasan duten eraldaketa erakusten dute. Oteizak azpimarratzen zuen bezala, artelanaren garapenarekin lotuta, sormen prozesuak dakarren artistaren eraldaketa adierazten dute.

Horrela, erakusketa artistaren disekzio gozo bat bilakatzen da; orokorrean, artistaren transformazioa errepresentatzen duten pausoen ibilbide bat bilakatzen da. Hasierarik eta amaierarik antzematen ez den ibilbide bat, baina, muinean, dena elkarrekin lotzen duen elementu komun baten inguruan. Artisten ibilbideari jarraitzen badiogu, horietan badago oinarrian gordetzen den zerbait, lanak eragindako eraldaketa horretan, artista eta artelana biltzen dituen identitate horretan poliki-poliki solidifikatuz doan oinarri bat, ondorengo abiapuntuen ardatz bilakatzen dena. Badiolak, erakusketa honetan, hezur-muin horren errepresentazio bat erakusten digu, artelan talde batzuen eta besteen arteko loturaren inguruan sortzen dena. Bere benetako izaeraren aztarna bat.

Eta, esan bezala, nahiz eta erakusketak ez duen berezko osotasunik gordetzen, Euskal Herriko arte garaikidearen oinarrizko artista baten inguruan eraikitzen da, eta oinarri hori nahikoa da erakusketa eta bertako lanak arrazoitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.