Artea
'Alfredo Alcain'
Lekua: Rekalde Aretoa, Bilbon.
Noiz arte: azaroaren 18ra arte.
Zaila egiten zait Alfredo Alcain (Madrid, 1936) artistaren lana zehazki aurkeztea, ez baita bizi dugun garai globalaren bidaia unibertsal bat, artista madrildar baten bizitza eta espresio oso pertsonal bat baizik. Era berean arte garaikideak daraman gehiegizko abiaduratik irteteko parada eskaintzen digu artista honen lanak, aurreko mendeari begiratu eta modernitatean sailkatu ditzakegun lanak ikus ditzakegularik. Pintatutako motibo, material eta lan prozesuek pertsonaren gertutasuna adierazten dute, pertsonaren buru eta eskuetatik pasa diren ideia, irudi eta materialak aurkeztuz. Ingurukoaren edertasunaren bilaketa bat dela esango nuke, baina norberaren bidea dela ahaztu gabe; eta bitartean, beste hainbat artista eta mugimendu nahastuko dira, espresioaren eta errepresentazioaren eboluzio eder bat eragin arte. Edertasun bilaketa honek nolabaiteko zoriontasuna sentiarazten dio Bernardo Atxaga idazleari. Nik ez nituzke irudi alai bezala klasifikatuko, agian urtetan zehar eginiko lan prozesu baten emaitzak eragiten duen ase sentsazio bat bai, azken 40 urteak ondo aprobetxatu izanaren bizipoza.
Alfredo Alcainen eta Euskal Herriaren arteko harremana aspaldikoa da, eta horrela, Ricardo Toja margolariarekin zuen adiskidetasuna medio, 1965ean Bilboko Illescas galerian bere bakarkako lehen erakusketa antolatu zuen. Ordutik hainbat erakusketa ipini ditu Euskal Herrian, besteak beste, Bilboko Arte Ederren museoak 1981ean antolatutakoa edo 1988an Bizkaiko Aurrezki Kutxan Cezanne petit-point izenburupean antolatutakoa. Kasu honetan, Rekalde Aretoak era sinple eta egoki batean aurkeztu ditu 60ko hamarkadatik gaur egun arteko artista madrildar honen artelanak, sortzaileak igarotako garai ezberdinak behar bezala sailkatzen direlarik. Erakusketan marrazkia, serigrafia, pintura eta eskultura nahasten dira, 130 artelan bederatzi ataletan banatutako ibilbide baten bidez aurkeztuta: Bizitik, Aurrealdeak eta erakusleihoak, Petit-point brodatuak, Natura hilak, Cezanne Petit-point, Lerroak eta orbanak, Hainbat gai, Eskulturak eta Telefonoko marrazkiak.
Alcainen ibilbidea espainiar tradizio figuratibotik hasten da, bere Madrilgo denda ezberdinen erakusleiho eta aurrealdeen margo seriearekin. Bertan 60ko hamarkadako Espainia tradizionalaren aspektu bat lantzen du, ondorengo urteetan desagertzen joan diren hainbat espazio eta lanposturen erakusketa piktoriko bat. Baina artista madrildarra ez da gaiaren aspektu sozialean finkatzen, espazio eta txoko hauek erakusten duten esparru plastikoan baizik, formek, koloreek eta grafismo ezberdinek sortzen dituzten irudietan.
80ko hamarkada hasieran Alcainek mertzeria batean brodatzeko erabiltzen zen kalamuki bat aurkitu zuen Paul Cezanne margolariaren bodegoi famatu baten irudiarekin. Une horretatik aurrera bodegoiaren lanketan murgilduko da. Alde batetik brodatzeko kalamukiek sortutako kolore plano eta koloretsuak gailentzen dira; bestalde, berriz, argi eta garbi kubismorantz jotzen duten artelanak daude, forma obalatuak eta material fisikoak barneratzen direlarik. Agerikoak diren Cezanneren eta artista kubisten erreferentziez gain kolore bizi eta planoek pop artearen ukitu bat ere badute. Une horretatik aurrera artista madrildarraren lanak, bodegoiaren gaia utzi gabe, irudi eta formen sinpletasunera joko du, lerroa elementu garrantzitsuena bilakatuko delarik. Prozesu honek erakusketan zehar irudia, formak eta koloreak bere egoera minimorantz bideratzen ditu eta naiz eta lehen lan batzuk oraindik bodegoiaren parte diren elementuen formak errespetatzen dituzten hauek poliki-poliki desagertzen joango dira, Alcainen azken boladako bereizgarriak diren lan lerrokatuak sortu arte.
Prozesua bere osotasunean oso interesgarria izan arren, azken bolada honetako lan guztiek ez dute emaitza borobil bat lortzen. Alde batetik forma aldetik organikoagoak diruditen lanak daude, formaren bilakaeraren azken emaitza bikainak, Pincelada II, Circulos azules edo Entrecruzados, besteak beste, eta hauekin batera hainbeste interes pizten ez duten lan sintetikoagoak biltzen dira, lerro sakonagoa eta indartsuagoa erakusten dutenak.
Erakusketa amaitzeko, azken sail modura, Telefonoko marrazkiak ipintzea erabaki da. Bertan Alcainek telefono elkarrizketak zituen bitartean sortuz joan zen marrazki sorta bat aurkezten zaio ikusleari, bitxikeria modura. Egia esan, aurreko prozesu eta bilakaera guztiarekin apurtzen du eta ez dauka aurreko lanekin inongo erlaziorik, orokorrean erakusketak aurkezten duen ibilbide borobila apurtuz. Erakusketa ikusi ondoren, sail hau soberan dagoela esango nuke.Hala ere, azken lan hauek alde batera utzita, Rekalde Aretoak asmatu du artista madrildarraren ibilbide pertsonal eta bitxiaantolatzeko orduan, ikuslea gertuko objektu eta irudi xumeetatik abiatzen den prozesu aberats batean murgilduz.
Artea. Kritika
Dirudien baino ederragoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu