'Margin Call'
Zuzendaria: J.C. Chandor. Aktoreak: Kevin Spacey, Paul Bettany, Jeremy Irons, Zachary Quinto, Penn Badgley, Simon Baker, Mary McDonnell. Herrialdea: AEB. Iraupena: 109 minutu.
Noiz eta nola hasi zen hau guztia? Horixe da oraindik ere jende gehienak bere buruari egiten dion galdera. Krisia datorrela, krisia datorrela, denbora luzez entzuten egon ondoren, inork gutxik imajinatzen ahal zuen horrek izanen zituen luzera zein sakonera. Irtenbiderik al da? Horixe litzateke hurrengo galdera, baina horretarako indarrik ez.
Galdera horiek guztiak ere luzatu nahi izan ditu J.C. Chandor hasiberriak. Eta erantzun moduko bat eman. Ezagutzen diren hainbat datu erreal baliatuta, fikzio bat eraiki du krisi finantzarioaren hasieraren inguruan. Urteetako festa amaiera da, bat-batean musika tresna guztiak batera isilduko dira, soilik isiltasunaren hotsa entzunen da. Gau luze batera mugatu du gertaera, inbertsio enpresa jakin batera, erantzule alegiazko aurpegia jarri die.
Denbora epe jakin baten barruan eta eszenatoki oso mugatu batean, akzio ia guztia Manhattango bulego-eraikin dotore eta itogarri batean gertatuko da. Antzezlan baten itxura du Margin Call-ek. Alde horretatik, film honek gertuago du Glengarry Glenn Ross (James Foley, 1992) Oliver Stoneren edozein Wall Street baino.
Gisako eszenaratzea aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa da aktoreen lanarengan erabateko konfiantza. Beharbada, Chandorrek ez ditu onenak aukeratu edo eskura izan —Spacey eta Tucci nabarmenduko dira tropeletik—, baina merituzkoa da bere lehen filmaren inguruan elkartzea lortu duen taldea.
Apustu ausarta da, baina berandu baino lehen dituen hainbat gabezia agerian utziko ditu. Egitura itxiak alderdi narratiboarekin lotutako ondorio kaltegarri bat ekarriko du. Erroboten gisara funtzionatzen duten pertsonaiak direnez, bere ekintza guztiak mekanikoak gertatuko dira, filma hotzegia gertatuko da. Argi da zuzendariak halako distantzia bat hartu nahi izan duela, baina anbiguotasun horretan tentsioa aterako da galtzaile.
Urruntasun horrek beste arazo bat sortuko dio Margin Call-i, ikuspuntua bera guztiz kamutsa baita. Irabazleak dira protagonistak, ataka estuan daudenak, baina azken finean sistema horren bihotz eta arima. Filmak etengabe batzuen jokabidea zuritzeko edo arintzeko moduaren bila arituko da, marrazo on eta gaiztoaren arteko bereizketa zentzugabea egin nahi izateraino.
Kritika. Zinema
Diruaren malkoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu