Diseinu habitatuak du izena Iruñeko Ziudadelan leku hartzen ari den erakusketetako batek, zehazki Arma Aretoan kokatzen dena. Mostrak bi artistaren lanak ehuntzea du helburu, lan prozesuen arteko sinergietatik abiatu eta loturak bideratu nahi baitira. Bada, artistak Chema Madoz (Madril, 1958) eta Helena Almeida (Lisboa, 1938- Sintra, 2018) dira, eta kasu honetan, haien bozeto eta argazkiak daude ikusgai erakusketa espazioan. Mostra Fotocolectania Fundazioak bideratzen du, piezak fundazioaren bildumaren parte baitira. Halaber, Iruñeko Udaleko bildumaren parte diren bi pieza batzen zaizkie mostrari, bata Madozena eta bestea Almeidarena.
Erakusketak bi artisten lan prozesuen arteko elkarrizketa bideratu nahi badu ere, artista bakoitzaren konposizioek beren espazioak dituzte. Bada, erakusketa espazioa irekia izateak perspektiba ahalbidetzen du. Nolabait, espazio ireki hori bi mikro-espaziotan banatzen da: eskuinean Almeidaren lanak daude, eta ezkerrean Madozenak.
Espazioan sartu baino lehen, Almeidaren ibilbide artistikoari buruzko testu kuratoriala dugu, eta jarraian haren piezak aurkezten dira. Espazioaren hondoan artista portugaldarraren lan prozesuen inguruko hausnarketak bideratzen dituen ikus-entzunezkoa aurkezten da. Hala, bideoa ikusi eta gero, ezkerreko horman Madozen ibilbide artistikoari lotutako testu kuratoriala dago, zeinak artista madrildarraren erakusketari hasiera ematen dion nolabait.
Prozesu horretan, sumatzen da bi artisten lanak argazkilaritzaz bideratzen direla, baina oso era ezberdinetan. Halaber, bien testuinguruak eta ibilbide artistikoak oso bestelakoak dira. Izan ere, Madoz argazkilaria den bitartean, Almeida hainbat adierazpen artistikoz baliatu izan zen, eta, hain zuzen, hori haren piezetan arnasten da.
Almeidak pinturari ekin zion bere hastapenetan, eta hainbat erakusketa mustu zituen. Baina, pinturaren plastizitatetik irten, eta haren objektualitateranzko bidea eraikitzea zen bere helburua. Prozesu horretan hasi zen haren gorputza lekua hartzen, eta performancearen eta pinturaren artean kulunkatzen diren adierazpenei ateak ireki zizkien. Bada, uztartze hori argazkietan gauzatzen da, eta hala, Almeidaren argazkiek kutsu performatibo argia bideratzen dute.
Era berean, artistaren bozetoek adierazten dituzte diziplina askotariko horren zantzuak, marrazkiaren eta pinturaren arteko tentsioak ikusten direlako. Tentsio horiek argazkietan itzultzen dira, eta, horiekin batera, artistaren gorputza dugu. Emakume artista baten gorputza era aktiboan irudikatzeak dakarzkien kodeekin bat, izaera performatiboa ere aldarrikatzen da.
Madozen piezen kasuan, argazkilaritza da euskarria, eta irudikatzen dituen eszenen kutsu narratiboa da konposizioei izaera ematen diena. Bada, kasu honetan ez dago mugimendurik, objektuek eta espazioak bideratzen dituzten irakurketa immanenteak baizik. Hala, immanentzia hori artistaren bozetoetan ere ikusten dugu, marrazki zehatz eta eskematikoak baitira, Almeidarenak ez bezala.
Orobat, artisten lanen arteko paralelismoak bideratu nahi badira ere, kontuan hartzekoa da Madozen lanaren kantitate zabala aurkezten den bitartean, Almeidaren kasuan kopurua murritzagoa dela. Bada, kantitateak ez du kalitatea bermatzen, eta kasu honetan hori sumatzen da. Almeidaren espazioak haren lana eta egiteko moduak era pausatuan ezagutu eta ulertzeko aukera ematen baitu. Madozen kasuan, berriz, artistaren argazkiak agertzen badira ere, ez zaie bere lan prozesuei hainbesteko espaziorik ematen.
Beraz, mostraren helburua bi artista ezberdinen egiteko moduak ikusaraztea den heinean, igortzen diren aztarnak bestelako bide batzuetara garamatzate, eta, ondorioz, bidean galtzeko arriskuak sumatzen ditugu.