Beti oporretan ipuin liburuaren aurkezpenean Harkaitz Canok oporrei eta udari lotutako ipuin bilduma bat argitaratzearen arrazoia azaldu zuen: sinplea zen, uda partean galdetzen omen zion idazleak bere buruari zenbat denbora, zenbat uda geratuko zitzaizkion bizitzeko. Bizi-gogo horrek poeten etorria elikatu du han eta hemen, eta halako nahia dario Susa argitaletxearen bitartez argitaratu berri den Cesare Pavese italiarraren poema-bildumari.
Munduko Poesia Kaierak atalean beste hizkuntza batzuetan idatzitako olerkiak euskaratzeko egiten duen lanarekin jarraitu du argitaletxeak, idazle piamontetarraren lanak ekarriz, Ion Olano Carlosen eskutik. Beñat Sarasolak, Poesia Kaierak ataleko gainerako aleekin egin ohi duen bezala, sarrera modura, idazlearen nondik norakoen berri emateko laburpen bat prestatu du egilea lehendik ezagutzen ez duenarentzat: artistaren eta haren lanaren arteko harremana nabarmendu eta haren literaturaren ildo nagusiak aipatu ditu. Idazle italiarra ezagutzen ez duen irakurleari bideratutako atal bat dela esan badut ere, aitzinsolas honetan azpimarratutako pare bat ideia lagungarriak izango zaizkio bildumaren balizko edozein irakurleri, poema sortan Paveseren jatorrizko hainbat literatura lanetako olerkiak elkarrekin bildu baitituzte argitaratzaileek, eta, beraz, Sarasolak emandako jarraibideak argigarriak suertatzen dira irakurketa bideratzerakoan.
Bilduma irekitzen duen poema, ez kasualitatez, Hegoaldeko itsasoak deritzona da, zeinaren bitartez Paveseren poesigintzak goia jo zuela uste den. Gainera, bildumako lehen erdialdean zehar gailenduko den tonu poetikoa antzematen da: Sorrentinoren film batean nola, gaztaroarekiko loturak eta Mediterraneo inguruko herritarren tonu malenkoniakoak zeharkatzen dute poema guztia, mundu berriarekiko erresistentzia jarduera baten gisa. Kritikariek adierazi izan dute Paveseren olerkigintza maitasun gaiek gidatu izan dutela, eta gizartearekin konpromiso gehien erakusten duten gogoetak Burkidea hitz lauzko obrarako utzi zituela. Alta, bestela begiratuz, baliteke lanik politikoenak poesiazko lan hauek izatea; jendearen arteko erroak indartzeaz jarduten baita poeta, etortzekoa den mundu berriari itxaron bitartean, artean geratzen diren plazer terrenalez disfrutatzeko deia eginez. Ildo horretakoak dira, Hegoaldeko itsasoak fundatzaileaz gain, Arbasoak, Jende deserrotua eta honako bertso adierazgarri hauekin amaitzen den Ulertzen ez duen jendea: «Muinoak eta mahastiak desagertzen ez diren artean, hala ibil dadin belazeak zeuden kaleetan, irri eginez, arratsetan halako nahikariak izango ditu».
Bildumako amaiera aldeko poema sorta gutxiago disfrutatu ditudan tonu lirikoagoko poemek osatzen dute, bigarren pertsonan idatzitako maite kantu horiek inspiratzen dituzten musari eskainiak baitira.
Literatura. 'Munduko Poesia Kaierak'
Desamodioaren kontra, maitasuna
Egilea: Cesare Pavese. Itzultzailea: Ion Olano Carlos. Argitaletxea: Susa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu