Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Dentsitate pandemikoa

urtzi urkizu
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'MMXX'

Zuzendaria: Cristi Puiu. Aktoreak: Bianca Cucullici, Laurentiu Bondarenco, Otilia Panaite. Herrialdeak: Errumania-Moldavia-Frantzia. Iraupena: 160 minutu.

Cannesen eta beste hainbat jaialditan saritu izan dituzte Cristi Puiu Errumaniako zinemagilearen filmak. Herrialde horretako zinemagintza berriaren sortzaile entzutetsuenetako bat da, eta bide luzea du egiteko oraindik. Argi denez, ez da errazkerian gelditzen diren horietakoa.

Lau istoriok osatzen dute MMXX; lau eszena dira, lau eszena luze. Aurrenekoan umore dezente dago: psikologo baten etxera iristen da emakume bat. Test bat egiten hasten dira, eta emakume horren burutazioek badute grazia.

Bigarren eszena hasi eta berehala, ordea, zinemagileak erabakitzen du ikus-entzuleari gauzak zail jartzea. Arreta handiz jarraitu behar da kontatzen dena, pertsonaien telefonoaren bestaldean nor ari den zer esaten asmatzeko. Etxe baten itxitasunean, gehiegizko dentsitatea hartzen du pantaila aurrean ageri denak.

Minutuek aurrera egiten dute, eta ikus-entzuleari ez zaizkio gauzak errazten: burua estutu beharko du, horrela bi ordu eta 40 minutu luzez. Zinema jaialditan saritu ohi duten film horietakoa da MMXX, eta Puiu aurtengo Zinemaldian sariren bat irabazteko hautagai bilakatu da.

COVID-19 osasun krisialdiak zipriztintzen ditu, bestetik, lau istorioak: batetik, maskararen erabileraren gaineko bi solasaldi daude; bestetik, aipatzen da erditu den andre bati ez diotela hamabost egunez umearekin egoten utziko, amak COVID-19a duelako; eta bada beste une bat osasun zentro batean, non koronabirusaren gaineko kontuak aipatzen diren. Nabaria da Puiuren aldetik pandemiaren kudeaketaren gaineko kritika, eztabaida pizteko moduko iruzkinak tarteko.

Ageri dira beste une batean mafia, prostituzioa eta organo salmenta gisako gaiak.

Eta, bada, atzeko tesi bat iradokitzen duena munduak aurrera egin duela, koronabirusaren krisia zegoen bitartean. Mundu krudelenak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.