Iron Maiden
Lekua: Barakaldoko BEC erakustazoka. Eguna: maiatzaren 28a.Urtebete pasatuta, ostera Euskal Herrian izan dira Steve Harris, Bruce Dickinson eta konpainia, Iron Maiden beteranoak. Iazko maiatzean, Maiden England biraren entsegu emanaldia egiteko baliatu zuten BEC erakustazoka. Ikusle kopuru mugatua izan zuen emanaldiak; oraingoan, 15.000 zale zituzten aurrez aurre, rock eta heavy indartsua entzuteko gosez, betekada handia hartzeko gogoz. Hartu zuten, zinez.
Iron Maidenen emanaldiak apenas izan zuen iazkoarekin aldaketarik —hiru kanta ordezkatu zituzten—. Iritzi kontrajarriak eragingo ditu horrek, ikusleak adina; bakoitzak jarri, kendu edo moldatuko lukeelako bateko edo besteko kantaren bat errepertoriotik. Baina sarreren prezioa eta taldeak duen diskografia zabala aintzat hartuta, zerbait gehiago eska dakioke Iron Maiden taldeari. Gainerakoan aitzakiarik gabeko emanaldia izan zen.
Ezohiko ordutegia eta ezohiko irudia zuen BEC erakustazokak. Futbol partidak gaueko hamarretan jokatzeko joera hedatu den garaiotan; bitxia, behintzat, bada rock emanaldi bat arratsaldeko zazpietarako iragartzea. Ordu horretan igo ziren oholtza gainera Anthrax estatubatuarrak. Ordurako itxura ona zuen BECek; betekadatik urrun, baina jende asko beheko partean nahiz harmailetan. Beltz koloreko kamiseta ia ikusle guztien soinean.
Ibilbide luzeko taldea da Anthrax. Aurrez ere beste bitan aritu dira Iron Maidenekin Euskal Herrian —Iruñean, 1988ko Monsters of Rock jaialdian, eta Donostiako Belodromoan, 1990ean—. Ikusmin handia zegoen estatubatuarrak ikusteko, baina emanaldiak argi-ilunak izan zituen. Caught in a Mosh klasikoarekin hasi eta Trust taldearen Antisocial ezagunarekin bukatu arte, indartsua izan zen Anthraxen emanaldia. Baina gonbidatu berezia deitu al dakioke zortzi kanta bakarrik jotzen dituen taldea? Ibilbide luzea du Anthraxek, eta motza, oso motza izan zen osteguneko kontzertua. Talde gonbidatua ziren, bai, teloneroak, baina kontzertua herren geratu zen. Soinuak ere ez zuen erabat lagundu. Ea luze gabe haien bira propioan ikusten ditugun Euskal Herrian.
Zortzi eta erdiak jo aurretik itzali ziren, ostera, BECeko argiak. Hasi zen bozgorailuetatik UFO taldearen Doctor, Doctor. Urte luze hauetan kantu hori erabiltzen du Iron Maidenek kontzertuen atariko. Argiak itzali, eta goia jo zuen giroak eta ikusminak.
Emanaldiari dagokionez, aitzakia gutxi. Akaso, une batzuetan, hiru gitarren soinuak Harrisen baxuaren eta Dickinsonen ahotsaren itzalpean geratu ziren, baina musikarien jarduna balekoa izan zen, profesionala. Denboran atzera egindako bidaian klasikoak bata bestearen atzetik entzun ziren: Moonchild hasteko, Can I play with madness segidan, eta The Prisoner eta Two minutes to midnight BEC hankaz gora jartzeko —Bilbori, Donostiari eta Euskal Herriari aipamena egiteko baliatu zuen kanta Dickinsonek—. Argi efektuak, agertokia, irudiak, musikarien mugimenduak iazko berberak. Publikoari axolarik ez. Une horretan heldu zen gaueko hiru aldaketetako bat: Revelations. Melodia eta gogortasuna uztarturik, gaueko ezusteko atsegina.
Hortik aurrera hainbat belaunaldik hilezkor bihurtu dituzten kantak: Run to the Hills, The Trooper, The Number of the Beast, Phantom of the Opera, Wasted Years… Eta Seventh Son of a Seventh Son luze eta antzeztuaren ondoren, Wratchild, Fear of the Dark eta Iron Maiden. Eta azken txanparako, Aces High, The Evil that Men do eta Sanctuary. Ordu eta berrogei minutu. Gehiago eska zitekeen, baina emanaldia bukatuta ikusleen artean nagusi zen irribarreak ageriko uzten zuen gozatu egin zutela denboran atzera egindako bidaian. Ea luze gabe beste bidaia batetara gonbidatzen gaituzten. Up the Irons!!