Kritika. Antzerkia

Denbora ez da existitzen

Ricardo Iniestaren 'Esperando a Godot'. BERRIA
Ricardo Iniestaren 'Esperando a Godot'. BERRIA
2025eko otsailaren 25a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

'esperando a godot'

Zuzendaritza: Ricardo Iniesta, Sario Téllez. Espazio eszenikoa: Ricardo Iniesta. Jantziak: Carmen de Giles eta Flores de Giles. Antzezleak: M. Asensio, J. Arenal, M. Reyes,  A. Casado, T. de los Reyes. Lekua: Urnietako Sarobe. Eguna: Otsailaren 23a.

Sevillako Atalaya-TNT taldeak, Ana Maria Moixen itzulpena aukeratuta, ondu digu absurdoaren antzezlan kanonikoa eta lagun asko animatu dira Urnietako Saroben azaltzera. Bertakoez gain, Hendaiako (Lapurdi), Errenteriako (Gipuzkoa), Hernaniko (Gipuzkoa), Tolosako (Gipuzkoa), Donostiako eta Bilboko ezagunak agurtu ditugu. Kontua da, Rikardo Iniestaren prestigioak jakin-mina piztu digula, eta En attendant Godot (Godoten esperoan) lana ez dela edozein pieza, baizik eta ezagutu beharreko horietako bat. Bizitzan behin, bederen, Godot batekin topo egin behar da.

Edonola ere, antzokia ez da mukuru bete. Izan daiteke Godot behin eta berriro oholtzaratzen den obra delako? Izan daiteke igande arratsaldetako galbanagatik? Futbola zegoelako etxeko pantailetan? Ala Atalaya-TNTkoek taularatu ohi dituzten azken muntaketen aldean Godot hau —obrak berak hala eskatuta— apainduretan urriagoa izango zelakoan? Gurean, gogoan dut, Juan Gartziak euskarara ekarritako testua baliatu zuela Zurriolako antzerki taldeak haien Godot-a txukun baino hobeto taularatu zutenekoa. Akorduan ditut Iniestak zuzenduriko La Celestina, Rey Lear (Lear erregea) eta L'Avare (Zekena) ikuskizun handiak, ikusgarriak, txinpartatsuak. Dena den ni, Godot-ak (pluralez) askotan ikustekoak diren ustekoa naiz.

Beckett Nobel saridunak argi utzi zuen ez zuela baimenduko testu-aldaketarik 40ko hamarkadan idatzitako obra honetan. Eta, horrela, idazle irlandarrari hainbeste atsegin zitzaizkion esperimentu literarioen antzera, okurritzen zait bere hitzetan ezer ere ez egokitzea esperimentu zein erronka dela. Nola ekin 1955ean estreinatutako antzezlan bati testua ukitu gabe eta muntaketa aire zaharrekoa izan ez dadin?

Atalayako lau aktoreek —antzerki pedagogoak ere badirenek— taldearen jakinduria teatralaren laburpena eskaini digute aurpegiera, begien zabaltasuna, gorputz-adarren mugimendu imintzio neurritsu eta ahotsen erabileran. Konpainiak duen eskarmentuaren lezio diskretu bezain irmoa esango nuke nik, maisulana zentzu etimologikoan. Gainera, makillaje, mugimendu eszeniko, bideoa eta argien funtzionamendua efikaza bezain ona izan da.

Meritu handiena da, dena den, abangoardiako antzezlanari kendu dioten solemnitatea, ikusleak gogaitu arte erabili izan ohi dutena beste konpainien muntaketek. Atalayakoen Godot honetan, berriz, elkarrizketak erritmo bizian, kutsu filosofiko handiki gabeko tonuan garatzen dira bi ekitaldietan. Eta ea nor den Godot hori, beste bertsioetan azpimarratzen ohi den galdera hori, Atalayakoen piezan ez du garrantzirik. Hemen argi adierazi digute denbora zurrunbilo batean bizi direla zoritxarrez beti esperoan daudenak. Horrela, ulertzen dugu —eszenografiari esker errefuxiatuak buruan ditugula, esate baterako— behin eta berriro, tamalez egoera errepikakorrean daudela munduko asko. Absurdoa ulertarazi digute, eta hori, azken finean, agitprop dugu, hori Atalaya dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.