'Love & Money'
Egilea: Dennis Kelly. Euskarazko bertsioa: Idoia Barrondo. Zuzendaritza: Cecile Marquette. Zuzendari laguntzailea: Olatz Ganboa. Eszenografia: Maria Casanueva. Jantziak: Betitxe Saitua. Argiak: Fernando Alcauzar. Koreografiak: Maitane Zalduegi-Viar. Antzezleak: Ugaitz Alegria, Aitor Etxarte Merino, Eneritz Garcia Alonso, Miriam K. Martxante, Aiora Sedano. Lekua: Bilboko Pabiloi 6 aretoa. Eguna: Azaroak 4.
Atzeko pantailan erloju digital baten irudi proiektatuan atzekoz aurrerako denbora ikusi dugu, baina nik uste dut hobe zitekeela atzerako kontu hori zenbait dataren bidez aurkeztea, horretan datzalako ikusi berri dugun istorioaren gakoa.
Love & Money izenarekin bataiatu zuen Dennis Kelly britainiarrak 2006an estreinatu zen obra, argumentuan dirua eta maitasuna askotan barreiatzen direlako. Kelly zinema, telebista eta antzerki gidoilaria da, eta adituek pasa den mendearen amaieran Erresuma Batuan sortutako in-yer-face (hire aurpegian) delako antzerki-joeran kokatzen dute.
Aurrerakuntza bezala hartua izan den ildo horrek gauzak beren gordintasunean aurkezten dizkio publikoari dramaturgia-ostearen bidetik eta garraztasuna nagusi. Horren kontura, emanaldian geuregandik hurbilago izan ditugun bi dramaturgo etorri zaizkit burura: Madrilen errotutako Rodrigo Garcia argentinarra eta hiri berean ezarritako Sergi Belbel katalana. Orain, ordea, nor gogoratzen ote da haiekin garai batean enfant terrible-en rola hain gogotsu jokatu ostean? Ni ez, behintzat: denbora hartan ere higuingarritzat jotzen nituen Garciaren dohainikako krudelkeriak, eta ezin zozoagoa iruditzen zitzaidan Belbelek burges txikien txikikeriei atera nahi zien zuku ustez sublimea.
Eta orain beste profeta bat etorri zaigu posmodernitate haren izenean, nondik eta erregina hila makina bat egunez omendu duten herrialdetik. Baina, tira!, oraingo honetan interesgarriagoa egin zait testua, beharbada Kellyk gai sozial eta politikoek pertsona arruntengan duten eragina aztertu duelako, eta beharbada atzekoz aurrera aurkeztu digulako Jess eta Daviden istorioa, nahiz eta horren ondorioz ia ulertezina iruditu zaigun kontakizuna.
Kontrako platerean, bikainak izan dira eszena asko —Aiora Sedanok eta Ugaitz Alegriak Oxford Streeten izandako pasadizoarena, lan-elkarrizketarena Eneritz Garcia Alonso eta Ugaitz Alegriarekin, hilerriarena Miriam K. Martxante eta Aitor Etxarte Merinorekin...—, eta nik uste dut bost antzezleen maila bikainean bermatuta eraiki dela emanaldia, pasarte batzuetan izaera diskurtsibo hutsa hartu duen arren. Bestetik, argi lerroez egindako kubo handi batean gertatu da guztia, barruko elementuak ere kuboak zirela, eta antzezleak izan dira hoztasun estetiko horri beren trebeziarekin aurre egin behar izan diotenak.
Azkenik, abisu bat balizko nabigatzaile despistatuentzat: Daviden pertsonaia ez da sistema neoliberalaren biktima soila, hedabide guztietan aurkeztu den legez, emaztearen kontrolatzaile matxista baizik, gaiari buruzko esku-liburu guztietan azaltzen den bezala, eta muturreko tratu txarren emaile klasikoa ere bai, lehen eszenan argitu den bezala. Gauzak beren izenekin izenda ditzagun.