KRITIKA. Dantza

Dena dator bat

Agus Perez.
2017ko apirilaren 14a
00:00
Entzun

'Xihiko'

Konpainia: EliralE. Kontzeptuaeta koreografia: Pantxika Telleria. Musika: Arkaitz Miner, Jokin Irungarai. Eszenografia eta jantziak: Maialen Maritxalar. Gorputz-atrezzoaren egitea:Annie Ontxalo. Argiak: Javi Ulla. Dantzariak: Arantxa Lannes, Jose Cazaubon, Oihan Indart.Lekua: Kultur Leioa antzokia.Eguna: Apirilak 9.

Emanaldia hasi baino lehen denbora eduki dugu elementu eszenikoen soiltasunaz gozatzeko. Kolore apaletako mendi altu batek —Xihiko— bete du agertokiaren albo bat, eta estilo bereko muino batek bateria gorde du beste muturrean. Itxaronaldiak gogoetarako beta ere eman dit: berrogeita hamar ume gutxi gorabehera, lau gizon —behingoagatik ez naiz bakarra izan— eta zortzi emakume. Zein gizarte klase dugu hau, non gurasoak ez diren kapaz beraien seme-alabekin dantza lan polit batez gozatzeko? Bitartean, zer ari dira gurasook egiten igande arratsalde batean? Erosketak ote?

EliralE konpainiako interpreteak soiltasun handiz sartu dira eszenara, eta Javi Ullaren argiekin batera piztu da emanaldiak behar duen ukitu magikoa. Harrezkeroztik eta amaitu arte ez da umerik sumatu aretoan, den-denak sartu direlako Pantxika Telleriak planteatutako misterioan. Jarri da Jokin Irungarai bere bateriaren atzean, hasi da Arkaitz Miner bere biolina jotzen, gorputzetatik erantzi dituzte dantzariek oskol handia eta maskara, antzinako errituetatik askeago sentitzeko, eta dantzatzeari ekin diote, naturaren abstrakzioa irudikatzen zituzten elementu soil batzuk beren gorputz atalei gehituta.

Zenbait lekutatik egon da natura ordezkatuta: behor zuriak poz askearen edertasuna irudikatu du, eta beste bi dantzarien figuretan animalien eta landareen estilizazioa ikus zitezkeen. Xihiko mendiak, aldiz, dena presiditu du, eta haren inguruan bueltaka era sinbolikoan berreskuratu da mutxikoen talde-egitura zirkularra, emanaldian zehar era soltean edo hiruren arteko lerro zuzenean eman direlako jauziak gehienbat. Dena den, mutxikoen berrinterpretatze hori askoz gehiago nabaritu da hiru dantzarien oinetan ikusi den pauso aberastasun ikaragarrian. Oin biluziei eta zangoei emandako arintasun lasaiak errotiko dotoretasunaren ideia transmititu digu, eta bitartean, besoen mugimendu eleganteek bizitasun egokia eman diote proposamenari.

Musikariak ere dantzaren parte bilakatu dira pasarte batzuetan, eta Oihan Indart dantzariak Zuberoako ttunttun eskuko harpa jo du beraiekin batera beste batzuetan. Mendiaren barrunbeetan gertatu diren eszenak itzal proiektatuen bidez gauzatu dira, perfekzio osoz, eta azkenean bere punturik gorenera heldu da denaren bategite hori, ura eszenan sartu eta hiru dantzariek itxura neutro bera hartu dutenean, naturaren ezinbesteko elementuarekin dantzan eta harekin zeharo elkartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.