Literatura. 'Demokraziaren pribatizazioa'

Demokrazia birpolitizatzen

Idazlea: Jule Goikoetxea. Argitaletxea: Elkar.

PERU IPARRAGIRRE
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Azkenaldian irakurritako liburu interesgarrienetakoa iruditu zait Jule Goikoetxearen (Donostia, 1981) Demokraziaren pribatizazioa, Kapitalismo Globala, Europa eta Euskal Lurraldeak (Elkar, 2017). Idazlan akademikoa da, jatorriz Peter Lang argitaletxearekin ingelesez argitaratu, Danele Sarriugarterekin batera euskarari ekarri eta ostera berridatzitakoa.

Liburu konplexua da, gai asko jorratzen dituena eta lanketa horretan oso zorrotza dena. Halako saiakerek ohikoa duten eran, aipu, erreferentzia eta datu ugari biltzen ditu Demokraziaren pribatizazioa-k, egilearen tesiak oinarritzen eta indartzen dituenak. Goikoetxearen ekarpenak, dena dela, maila batean baino gehiagotan erabil daitezkeelakoan nago, oinarrian filosofia politikoaren eta zientzia politikoen korronte nagusiei egiten dizkien kritiketatik patriarkatu kapitalistari eta demokraziaren pribatizazioari aurre egiteko esanahi eta ikuspegi berriak egunerokotasuneko diskurtsoetan txertatzeko tresnak ematen baititu.

Urgentziazko liburua iruditu zait, demokraziaz, estatuaz eta burujabetzaz ari garen aldi honetan (honetan ere) noranzko bat erakusten duena, besteak beste, demokraziaz, estatuaz eta burujabetzaz pentsatzeko gako interesgarri eta garrantzitsuak artikulatuz.

Zazpi atal nagusitan banatuta dago liburua. Sarreraren ostean, non liburuaren nondik norakoak laburbiltzen dituen, Globalizazioari buruzko atala dator. Modu xehe batean kritikatzen du bertan Europar Batasunaren gaur egungo gobernu-eredua, demokraziaren pribatizazioa bultzatzen duela argudiatuz eta mundu post-nazional post-subirano bat defendatzen duten ikuspegi liberal-kosmopolitaren eta arrazionaltasun unibertsalisten aurka eginez.

Hurrengo atalean sartzen da gehiago demokratizazioa definitzeko lanean. Izan ere, Goikoetxearen iritziz, demokrazia ezin da helburu estatiko bat izan, prozesu dinamiko bat baizik, etengabeko gatazka. Beste hainbat kontzeptu ere birdefinitzen eta politizatzen ditu. Estatuaren aldeko defentsa egiten du liburuan zehar egileak, gure bizitzak arautzen dituzten mekanismo berdinek ahalduntzen gaituztela argudiatuz. Honela dio atalaren amaieran: «[p]olitizatu, konfrontazio politikoa garatu eta horren emaitza instituzionalizatu: horrela demokratizatzen dira gizarteak» (129). Izan ere, «[d]emokratizazioa prozesu bat da: gaitasunak eta autoritatea berdintzen ditu, eta norbanakoak eta kolektiboak boteretzen» (130).

Laugarren atalean lurraldearen gaiari heldu ostean (lurralderik gabe ez dago populaziorik, ez balizko gaitasun politikorik, eta, beraz, ezta demokraziarik ere), Euskal Herrira dakar azken ataletan demokraziaren azterketa. Ikuspegi genealogiko (deskriptibo) batetik azaltzen ditu Euskal Herriko lurraldeetan eman diren (eta ematen diren) prozesu demokratikoak, EAEko, NFEko eta IEHko lurraldeen berezitasunak ikertuz.

Ezinezkoa zait liburuan ematen dituen xehetasunetan sartzea, baina biziki interesgarria iruditu zait bere proposamena, batez ere, dioen bezala, ezkerreko eta eskuineko estatu-fobia patriarkalaren aurrean ematen duen alternatiba.

Finean, ezin ukatu goi-mailako ikerketa bat biltzen duela liburu honek, kezka politikorik duen ororen partetik arreta merezi duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.