Kritika. Gasteizko 35. Jazz Jaialdia

Davis maisuaren musika iraunarazten

2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Danilo Perez Trio / Herbie Hancock, Wayne Shorter eta Marcus Miller

Lekua: Mendizorrotza kiroldegia.

Lekua: uztailak 16.

Miles Davis tronpeta jotzaile bikainaren heriotzaren 20. urteurrena dela eta, Gasteizko Jazzaldiak omenaldia egin nahi zion estatubatuarrari. Horretarako, kartel bikaina bildu zuen larunbateko emanaldirako.

Mendizorrotzako saioa Danilo Perezek zabaldu zuen, gau horretarako hirukote formatua aukeratuta. Panamako pianista honek omenaldiari egin zion ekarpen txikian Blue in Green pieza aipatu behar da, Davisen Kind of Blue disko mitikoan argitaratu zena, baina Danilok bere alabari dedikatutako beste pieza batekin batera. Bere musikatik, Providencia diskoko Galactic Panama egin zuen, besteak beste. Kalitatezko une gutxi entzun genituen nahiko laburra izan zen kontzertu horretan. Ideia gutxi, zalantza asko eta urduritasunak gainditua ikusi nuen. Bésame mucho abestiaz egin zuen interpretazio erdipurdikoa guztiz ahaztu beharrekoa da. Tarteka bakarrik atera zuen barruan duen artista puska, batez ere saioaren azkenengoetan. Lastima. Kiroldegia bete zuten ikusleek ez zuten horrelako emanaldi kaxkarra merezi, are gutxiago kontuan izanda gau garrantzitsuena (eta garestiena) zela.

Oso bestelakoa izan zen bigarren kontzertua. Milesekin jo zuten hiru artista handi elkarrekin ikusteak interesa piztu zuen zaleen artean, eta Marcus Millerrek zuzendutako proposamena entzuleen gogokoa izan zen. Hancockek, Shorterrek eta Millerrek hasieratik sortu zuten atmosferak Davisen musikarena gogorarazten zuen, inolako zalantzarik gabe. Hiru izar horietatik Shorter ikusi nuen ahulen. Parte hartze txikia izan zuen saio osoan, protagonismoa hartzeko beldurrez edo. Saxo jotzailearen zalantzak Sean Jones tronpeta jotzailearen lan ikaragarri onak estali zituen. Bere musika tresnari sordina jartzen zionean bete-betean asmatzen zuen Davisen estiloa hartzen. Agertokian bigarren plano batean geratu zen, hiru handietatik apur bat aldenduta, baina merezimendu osoz egon behar zuen lehen lerroan, bere lana ezinbestekoa izan zelako lan mardul eta biribil hori egiteko.

Luzera handiko pieza bat egin zuten hasieran, berrogei minutu ingurukoa, Milesen etapa cool hura gaur egunera ekarriz. Giro lasaia, musikari bakoitzak ekarpen laburrak eta zehatzak eginez, nabarmendu barik, eta dena ondo koordinatuta. Bigarren piezan hasierako garaietara joan ziren, musika jostagarriagoa egiten eta bebop arinari lotuagoa. Funkyaren ordua iritsi zen geroago, Hancocken sintetizadoreak bihurrikeriak eginez, Millerren baxu elektrikoak erantzuten ziola. Bi musikari horiek itxuratu zuten norgehiagoka gogoz txalotu zuten ikusleek.

Millerrek hitz sentikorrak izan zituen bere lankidea izan zenarentzat. Adierazi zuenez, hogei urte dira Davis joan zela, baina gutxiago ematen duela, haren musika eta haren espiritua gaur egun ere gure artean dagoelako. Gasteizko jazz jaialdiak ere lagundu du maisuaren musika iraunarazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.