Donostiako 48. Jazzaldia. Kritika

'Cool' musika pausatua

Eskuinean, Lee Konitz, atzo, Jazzaldiko saria jasotzeko prest. JON URBE / ARP.
2013ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Lee Konitz

Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: uztailaren 26a.

Saxorik gabe azaldu zen Lee Konitz handia Kursaaleko oholtza gainean, alboan Miguel Martin Heineken Jazzaldiko zuzendaria zuela, musikariari saria emateko orduan. Ikusleok, zutik, txalo zaparrada bero batekin agurtu genuen, jazzaren pertsonaia historiko bat aurrean geneukala jakitun. Ekitaldi xumearen ondoren, Konitz bera, musika jotzeko irrikaren irrikaz, bertan gelditu zen, musikarien zain.

Dan Tepfer (pianoa), Jeremy Stratton (baxua) eta George Schuller (bateria) izan zituen aldamenean. 1927an Chicagon jaiotako saxo joleak adiskide gazteak aurkeztu zizkigun, eta afinatzen ari zirela uste genuen momentuan lehenbiziko kantuan barrena sartzen ari zirela ohartu ginen. Minutu batzuek pasa ziren All the Things You Are standarra jotzen ari zirela ohartu ginen arte, kantuaren akorde guztien gainetik eta betiko doinuaren azpitik. Eskainiko ziguten kontzertuaren giroa berehala ulertu genuen: lasaia, goxoa, artifizio handirik gabea, alegia, cool musika osoa. Betiko stantadarrak etorri ziren ondoren, Stella by Starlight eta What is This Thing Called Love. Bere nortasuna eta musika egiteko modua behin eta berriz erakutsi zigun, mugarik gabeko melodiak sortu zituen, inprobisaketa lanean maisu.

Letra larriz idatzi zuten cool musikaren esanahia atzokoan. Play Fiddle Play, eta beste estandard klasiko bat ondoren, eta berak sortutako doinu eta moldaketez mozorrotutako Out ofNowhere klasikoa gero.

Azpimarragarria izan zen, halaber, beste musikarien lana. Eroso ikusi genituen, lauren arteko elkarrrizketa pausatu eta transzendetean, elkarri entzunez, hitz goxoez egindako tertulia zirudien; ganbarako laukotea, musika garaikidearen zertzeladaz betea. Konitz eta haren lankideek egindako musika ia kubista eta era berean erromantikoa izan zela esan genezake, maitakorra eta konplexua, indarkeriarik gabekoa eta, aldi berean, ezkutuko indarrez betea. Cool musikaren izaera femeninoaz aurrez aurre gozatu ahal izan genuen, beste estilo askotan maskulinitateaz egiten dugun bezalaxe.

Publikoak zutik agurtu zuen , eta itzulitakoan gai izan zen denok nota bat kantatzen jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.