'Pedro Paramo'
Idazlea: Juan Rulfo. Dramaturgia: Pau Miro. Zuzendaria: Mario Gas. Aktoreak: Vicky Peña, Pablo Derqui. Eszenografia: Sebastian Brosa. Argiak: Paco Ariza. Jantziak: Antonio Belart. Musika eta soinua: Orestes Gas. Bideoa: Alvaro Luna. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urtarrilak 9.
Pedro Paramo (1955) Juan Rulforen (1917-1986, Mexiko) eleberri ospetsuak beste euskarri narratibo batean itzultzeko erronkaren zailtasun itzelak dituela aho batez onartuta ere, Pau Miroren bertsioa punta-puntakoa dela ukatzen duenik ez da aurkitu antzokiaren irteeran. Katalanak antzerkiaren ohiko formula magistral batez gainditu ditu jatorrizko testuaren bi oztopo nagusi. Lehenbizikoa, nobelaren izaera korala; eta, bigarrena, kontakizunaren bi geruzak: Pedro Paramo kazikearenak zein bila joan zaion Juan Preciado semearenak nahasi-mahasian aletzen dira. Gauzak horrela, narratzailea eta pertsonaia guztiak bi aktoreren gorputzetan haragitzeko Mirok topatutako soluziobidea hobeezina iruditu zaigu.
Baina Rulforenak beste ezaugarri garrantzitsu bat du, hots, zenduta eta bizirik daudenen arteko muga lausotuan, edota mundu oniriko eta errealaren arteko marran, kokatuta dagoela kontaketa. Eta nola irudikatu bi munduren arteko egoera liminal hori oholtzaren gainean? Horretarako, ekipo tekniko osoaren eskutik espazio eszeniko bat eraiki dute, non musikaren eta jantzien zein argien eta soinuen diseinuaren bidez, bideo proiekzioekin batera, bete-betean asmatu duten Comalakoak irudikatzen. Era horretan, antzezlanak ondo baino hobeto bereganatu du Pedro Paramo. Oholtza bi planotan antolaturik dago: aurrekoan, ohikoa denez, aktoreen jarduera; atzekoan, pareta konkabo bat. Bertan, kolore hitsezko proiekzio figuratibo eta ez figuratiboak, erdiko ate handiak ematen duen jokoa, eta koloreen sintonia delikatua.
Hasieran, kosta zaigu Peñaren zein Derquiren mintzaira ez-naturalera egitea, baina, ohituz joan garen heinean, aktoreek tonuak aurkitu dituztelakoan gaude. Eta tonuak diogu zeren pertsonaiak antzezteko hots-jolasa dute tresna nagusia. Bi aktore hauek tradizio ezberdinetakoak izanda ere, primeran osatu dute elkar. Derqui organikoagoa da; Peñak, aitzitik, atrezzoa du adiskide. Detaile xumeak dira pertsonaien aldaketa seinalatzen digutenak. Konposizio mexikarreko iruditeria gogoangarriak lagun dituztela, Peña eta Derquinen ezkutuko energiak publikoa liluratu du.