CHRISTIE DASHIELL QUARTET
Lekua: Principal antzokia. Eguna: Uztailaren 15a.
Urtero bezala, Gasteizko jaialdirik ospetsuena bueltan dugu eta kartel bereziki askotarikoa zein bapoa dakar aurten. Joan den asteburuan Gasteizko kaleak jazz erritmoz dar-dar egiten hasi ziren Jazz-a Kalean eta Jazz UP! programen bitartez, ohikoa denez jada. Larunbatean aparta izan zen Prado parkeko eszenatokia, zeinetan, ordu eta erdian behin, kontzertu bat zegoen. Guztira, hamabi ordu baino gehiago izan ziren.
Principal antzokiko kontzertuak astelehenean hasi ziren, Christie Dashiellen taldearen eskutik. Azkenaldian ikusitako talderik gomendagarrienetakoa dugu laukote estatubatuar hau, zeina, abeslariak ez ezik, Allyn Johnsonek (pianoa), Carrol Dashiell III-k (bateria) eta Romeir Mendezek (baxua) ere osatzen baitute. Dashiellen ahotsak antzoki osoa bete zuen isuri zuen lehenengo notatik, eta entzule guztien arreta lapurtu zuen berehala. Ancestral Folk Song abestia aukeratu zuen emanaldiaren irekierarako, zeinetan lehenengo uneetan bere ahotsa baino ez den entzuten, a capella. Entzuleei esandako lehen hitzak, ordea, euskaraz izan ziren, adeitasunez.
Orain dela hilabete gutxi kaleratu du bere bakarkako bigarren diskoa, Journey in Black izenekoa, eta bertatik hautatu zituen kanta gehienak. Stevie Wonderren I Just Called to Say I Love You klasikoaren jazz bertsioa ere eskaini zuen, karismaz josia. R&B eta soul ukituak badauzka haren estiloak, baina jazz esparruan gora egiten ari den izena dugu Dashiellena. Adi egongo gara hasi baino egin ez den bide honetara begira. Hark abestutako gauza guztiak gomendagarriak iruditzen zaizkidan arren, Influence abestia, bere piano jole eta lankide sutsuarekin (Allyn Johnson) batera konposaturikoa, gozamen oparoa da, zuzenean bereziki.
Kontzertuaren encore-ak kutsu politikoa izan zuen, Dashiellek propio konposaturiko pieza batekin. Haren hitzetan, herrialde askotako egoera politiko tirabiratsuetatik ihes egiteko idatzi zuen, eta guri «belarriak arintzeko» abestu zigun.