KRITIKA. Artea

Chladniren xafla

Erlea Manerosek Bilboko Carreras Mugica galerian ikusgai dituen lanetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun

Erlea Maneros Zabala.

'Works 2017-2018'

Non: Bilboko Carreras Mugica galerian. Noiz arte: abenduaren 8ra arte.

Izenburuak adierazten du: Erlea Maneros Zabalak (Bilbo, 1977) azken bi urteetan garatutako lanak aurkezten zaizkigu galeriaren espazio nagusian. Artista honen laugarren erakusketa da jada gaur egun Heros kaleko 2. zenbakian kokatzen den aretoan. Beraz, 2018. urtean Gure Artea sarien Sorkuntza Lana Aitortzeko saria jaso duen artistaren azken proposamenak jarraitzeko aukera ezin hobea zabaltzen zaigu erakusketa honen bitartez.

Erakusketa berri hau aretoaren espazioa moldatzen duen estruktura baten, aretoaren zati bat ezkutatzen duen pareta artifizialaren, inguruan banatzen da. Estruktura honen inguruan lau artelan multzo kokatzen dira, The voice of the valley (2017), Untitled (the life of forms) (2017-2018), Temporal Arrangements. Series I (2018) eta Exercises on Abstraction Series VI (2018). Pintura, argazkia, bideo-lana edo eskultura eremuen artean banatzen dira guztiak.

Multzo hauetatik lehena, The voice of the valey, erdiguneko estrukturaren gainean proiektatzen den bideo-lan bat da. Bertan, artista bera ikus dezakegu, Kalifornia hegoaldeko (AEB) Mojave basamortuko herri batean eduki zuen estudioan, lanean. Maneros bertan aritu zen 2017ko lehen seihilabeteetan, eta, hango jardunaren grabazioarekin batera, esparru eta hedadura jakin batean soilik entzuten den KNews 94.3FM irrati saioa entzuten da, politika, gai paranormalak edo erlijioa nahasten dituen informazioa zabalduz. Espazioko ibilbidean aurkezten den lehen lana izan ez arren, erakusketan zehar aurkezten diren gainontzeko artelan multzoak artikulatzen dituen pieza dela esan dezakegu, irratiaren transmisioak areto guztia biltzen duelarik.

Bideo-lanean ikus dezakegun jarduera batetik sortzen da The life of forms multzoa. Azken bi urteetan zehar sortuak, tamaina ezberdinetako markoetan ipinitako kautxu lehortuzko pieza soilak dira. Paretetatik zintzilik aurkezten dira erakusketan zehar, multzo eta konposizio ezberdinak sortuz.

Markoen mugetako konposizioetan murgilduta jada, plastikoki oso ezberdinak diren bi artelan multzo aurkezten dizkigu artistak, oinarri berdina duten lanak direla esan dezakegun arren. Temporal arrangements. Series I multzoa mendebaldeko hedabideetan jasotako 50 irudiko sorta batean oinarritzen da. Irudi hauetako bakarra edo multzo bat proiektatuz sorturiko marrazkiak dira, era berean denbora-tarte jakin batean egindako argazki-inprimatzeen gainean onduak. Horrela, oinarri ilun eta koadrikulatu baten gainean egindako gouchezko pintura nahasiak sortzen dira: monokromoak eta nahasmenaren azpian sormen prozesu jakin eta kontrolatu bat gordetzen dutenak, emaitza bitxi bezain interesgarriak sortuz. Multzo honen barruan, paretako piezez gain, lurrean kokatutako pieza bat ere bada, irudia lurrean kokatzen den estruktura metaliko baten gainean kokatuta. Pinturak eskulturaruntz mutatzen du.

Azkenik,Exercises on Abstraction Series VI triptikoa aipatu behar dugu. Offset egunkari-orriak desertuko eguzkipean kokatu eta tolestura ezberdinak sortu ditu artistak. Eguzkiaren izpi ultramoreek erreakzioa sortu dute paperaren gain, eguzkitan gelditutako zatia ilunduz. Horrela, tolestura geometrikoa eta kolore degradazio sensible bat erakusten duten lan bikainak sortu ditu artista bilbotarrak. 2007tik lantzen ari den lan prozesu baten azken sorkuntzak dira.

Frekuentziak sortzen duen mugan oinarritzen dira Manerosek erakusketa honetan aurkezten dituen lanak, eta argi dago ikus-entzunezko proposamenaeta hau proiektatzen den estruktura artifizialak guztiaren abiapuntu bilakatzen direla, instalazio honen bitartez, artelan multzoak ideia berdinaren inguruan bildu eta espazioan antolatzen baitira, beren arteko harremanak eta erakusketako informazioa jasotzeko bideak ezarriz.

Irrati kate bat frekuentzia jakin batean kokatzen da, eta transmititzen duen hori leku edo muga jakin batean soilik jasotzen du bisitariak. Era berean, gauza bat zenbat aldiz errepikatzen den jakiteko erabiltzen den neurria izan daiteke frekuentzia, eta errepikapenaren bitartez muga ezberdinak sortzen dira. Hondarra eta Chladni xafla erabiliz egiten den esperimentuaren antzera, frekuentzia bakoitzak bere patroi geometriko zehatzak sortzen ditu, eta, Manerosen azken erakusketa honetan, frekuentzia jakin baten ariketa plastikoa aurkezten zaigu, Chladniren xafla baten antzera, jasotzen duen frekuentzia emaitza estetiko bat bilakatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.