KRITIKA. Antzerkia

Carmiña maite dugu, baina…

'El cuarto de atrás' antzezlanaren irudi bat. DAVID DE LA MORENA / ARRIAGA ANTZOKIA
'El cuarto de atrás' antzezlanaren irudi bat. DAVID DE LA MORENA / ARRIAGA ANTZOKIA
2025eko otsailaren 23a
04:00
Entzun

‘El cuarto de atrás’

Egilea: Carmen Martin Gaite. Egokitzapena eta dramaturgia: Maria Folguera. Zuzendaritza: Rakel Camacho. Antzezleak: Emma Suarez, Alberto Iglesias, Nora Hernandez. Eszenografia: Jose Luis Raymond. Argiztapena: Javier Diaz Alegria. Musika: Pablo Peña. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 20.

El cuarto de atrás (Atzealdeko gela) antzezlanean ederki kontatzen da zer gertatzen zaion idazle bati lorik egin ezin duen gau batean, errealitatearen, imajinazioaren eta ametsen arteko mugetan. Are gehiago, Folgerak eta Camachok aitortua da idazlan hauxe dela, haien ustez, Martin Gaiteren testurik teatralena. Eta bai, baliteke horrela ulertzea, ze, azken finean, elkarrizketa eraikitzea hautatu dute sortzaileek: pertsonaia nagusiak (Emma Suarez) ordu txikietan etxean azaltzen zaion beltzez jantzitako gizon misteriotsuarekin (Alberto Iglesias) duen solasaldia, hain zuzen. Orduan, bai, alde horretatik egon zaitezte lasai, muntaketak ondo funtzionatzen du plano narratiboan, testua txukunki egokitu baitigute, adeitasun handiz.  

Baina arazo larria oraintxe datorkigu. Testu-antzerkia da, eta Emma Suarez aktore nagusiari ez zitzaion aditzen. Ahotsa galtzen zen frontaltasuna mantenduta; hartara, pentsa ezazue zer izan zen hori, bizkarra emanda edo alde batera zegoela mintzatzen zenean. Publikoa oso deseroso egon da hasieratik. Emanaldia hasi eta gutxira, pertsonaiak dio ez duela ahotsaren bolumena kontrolatzen gorra geratzen ari delako. Une horretan esperantza piztu zitzaigun hainbati, ozenago aritu zen inpresioa izan genuelako istant batez. Baina ez. Eta hori guztia mikrofonoz hornitutako funtzio batean. Zer izan da, emanaldi txar solte bat, ala akats iraunkorra? Beste bi saio geratzen dira lerro hauek idazten ari naizela. Nik atzo soinu teknikariak beren mahaian ikusi nituen... Zer gertatu zen?

Eta hemendik aurrera esan dezaket amets eta fantasia giroaren bila asmatutako dramaturgiak zenbait momentutan kirrinka egiten bazidan ere estimatzekoa dela, baina alferrik da hori esatea, ezta? Gehitu ahal dut Alfredo Sanzolen En la luna (Ilargian) antzezlanaren trazaren bat antzeman niola, absurdo ukituak direla eta; eta, halaber, Claudio Tolcachirren Rabia (Amorrua) antzezlaneko eskailera birakariaren moduko bati esker ondo irudikatzen direla pisuko korridorea, gela, gerrako babeslekuak eta abar. Orobat, estimatu nituen gerra bizi izan zuten emakumeen heziketa sentimentalari buruzko pasarteak, baita protagonistak Usos amorosos de la postguerra (Gerraosteko maitasun usaiak) saiakera kuttunari buruz egindako aipamenak ere. 

Carmen Martin Gaite, Carmiña, biziki maite dugulako hurbildu gara El cuarto de atrás ikustera. Aurten, Carmiñak 100 urte beteko lituzke, eta omenaldien makineria abian dago. Horri dagokionez, zilegi izan bekit aholku bat ematea: irakur ditzagun haren liburuak. Kito.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.