Artea. Kritika

Buztinezko sentimenduak

Abstrakzioaren eta figurazioaren arteko lanak daude ikusgai erakusketan. ANGEL GARRAZA.
Mikel Onandia Garate.
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Angel Garraza

Lekua: Marzana Espazioa. Bilbo. Noiz arte: maiatzaren 4ra arte.

Iragan mendean diziplina artistikoen artean transformazio handiena eskulturgintzak ezagutu zuen; lehen abangoardiek hasitako iraultzatik —Duchampen pixatokitik Damien Hirsten marrazo disekatuetaraino, instalazio erraldoi eta ekintza performatiboetatik pasata— bilakaera handia izan da. Posmodernitatean, edozer da eskulturarako euskarri egokia. Baina panorama horretan badira, oraindino, material eta teknika tradizionalenak erabiliz punta-puntako eskulturgintza garatzen dutenak. Angel Garraza (Allo, Nafarroa, 1950) zeramikari eta eskulturagilea dugu horren adibide. Haren azken lanak ditugu ikusgai Marzana Espazioan.

Zeramika historiako praktika eskultoriko zaharrenetarikoa dugu, eta berezitasun propioak agertzen ditu; eskuekin lantzen da lurra, tresna barik, eta gainera, normalean eskulturgintza kentzea bada —hustea, zizelkatzea—, kasu honetan ostera, gehitzea da kontua. Mendebaldean material nobleak deiturikoen aldean denbora askoan bigarren mailakoa kontsideratu arren, artista garaikide handi askok (Miro, Picasso, Tony Cragg, Barcelo, Ai Wei Wei...) maisuki landu dute zeramika. Bere aldetik, gazte garaian modu arrazionalistan zura landu ostean, buztina lantzen eman ditu Angel Garrazak azken hamarkadak, lengoaia organikoagoaren alde kutsu geometrikoa albo batera utziz, teknika zeramikoa menderatu, eta nazioartean erreferenteetako bat bihurturik. Bilbotarrentzat aski ezaguna da Abandoibarrako Garrazaren Lekuak eta Tokiak (2002), kaiku itxurako bi pieza erraldoiez osaturiko eskultura ederra.

Zuzenean materialarekin identifikatuta, Garrazari barne sentimenduak adierazteko abagunea ematen dio buztinak, sortzailearen alderdi sentimentalari, inguratzen duen errealitate hurbilenari atxikitako artea baitugu berea. Baina, izaera biografikoko lana izan arren, estalitako guneak uzten ditu, guztia erakutsi barik, modu sotil eta anbiguoan iradokiz. Serieka lan egiten du, eta Marzanakoa espaziora egokitutako pieza ezberdinen proposamen bateratua dugu. Barrualde argiztatuak deritzon lan multzoa, iaz zeramika garaikideko La Borne (Frantzia) zentroan aurkeztu zuen Negua, udaberria, uda eta udazkena (2011) seriearen jarraipena dugu.

24 pieza kokatzen dira ezkerreko paretan, erdia zuriak eta beste erdia grisak, eta denei, ebakidura angelutsuen bitartez, argi enigmatikoa darie barrualdetik. Izaera piktorikoko lanaren modulu bakoitzak giza buru ingerada du, baina kokapenagatik, ez gara halakoez ohartzen. Bai ostera beste paretetako piezen kasuan; elkar begiratzen duten aurpegiak ditugu, argidunak batzuk, burmuin zonaldean kolore orban ezberdinak dituztenak beste batzuk. Aretoaren erdian, artistak berak gereziondoko egurrarekin egindako mahaietan, bestelako formako piezak kokatzen dira, konplexuagoak, argidunak eta zuriak eta grisak hauek ere, baina kromatikoki kontraste eta erritmo handiagokoak.

Abstrakzioaren eta figuratiboaren artean jolasten du Garrazak, berariaz maisuki bilatutako anbiguetatean. Buztin errez osatutako piezek, biomorfo eta sentsualak, izaera espontaneokoak, freskoak, egikera prozedura oso kontrolatua dute atzean. Bestetik, materialaren beraren berotasun eta adierazkortasunari karga poetiko nabarmena darie. Argiaren erabilerak —alderdi esentziala— bizitza propioa ematen die, kutsu magikoa lortzeraino. Aldi berean, Garrazaren lanetako ohiko dualtasuna agerikoa da; biguina-gogorra dikotomiak, kromatismoaren erabilera bereziak —margotua ez, baizik eta sistema zeramikoak berak ahalbidetzen duen kolorazioaren emaitza—, zein piezen kontrajartzeak, neurri handi batean giza arazoen izaera dualista agertu gura dute.

Aurreko proposamen batzuetan haren lan metodologiaren ondorio diren objektu zarratu eta hermetikoen alderdi iluna azaleratzeko asmoz materiala zulatzeko nahia agertu du Garrazak, haren hitzetan, agian metaforikoki geure barnealde propiora sartu eta funtsean sentimenduak argiztatutako espazio horiek bezalatsuak direla konturatzeko, unibertsalak barnealdeko egikeran, nahiz eta kanpo itxura gure indibidualitate propioa bezain anitza izan. Barrualdearen eta kanpoaldearen, indibidualaren eta kolektiboaren artean kokatzen den kontraesanaren baitan fokua jartzeko modu bat dugu, gure inguruko eta gure baitako gertakariei erreferituta, nolabait.

Garrazaren lan zigi-sagatsua, teknikoki konplexua, akabera apain eta dotorekoa eta sentsuala da oso. Eskultore nafarrak, lurra abiapuntu duen poetika sentimentala garatuz, zeramikaren adierazkortasunean bide berriak jorratzen ditu. Arte produkzio garaikidearen baitan ikuskizunaren, neoizko argien eta tamaina erraldoien garaiotan, hausnarketa, eskulana eta trebeziaren emaitza diren pieza intimo eta delikatuak eskaintzen dizkigu, erakusketa txiki bezain atseginean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.