Artea
Carmen Soria, 'Dibujos forestales'
Non: Anti liburu denda (Bilbo). Noiz arte: Abenduaren 6a arte.
Bilboko Anti liburu dendako Dibujos forestales erakusketaz jardungo naiz gaurkoan. Kubo zuritik alde egin eta eremua aldatu dut, ohiko eremuetatik kanpora gure arreta merezi duten ekimenak daudelako, txikiagoak, ikusgarritasun gutxiagokoak; eta, hain zuzen, txiki eginak izateagatik, adi-adi begiratuko diegunak. Ikuskizunaren eta handitasunaren laudorioa nabarmenegia den garaiotan arte kritikak kasu handirik egiten ez dien ekimen hauen balioa aditzera eman nahi dut. Anti liburu dendan, beste hainbat kultur egitasmorekin batera, aspaldi egiten dira erakusketak, hasieratik izan baitute argi liburu saltzaile izateaz gainera kultur eragile ere izan nahi dutela. Oraingoan Carmen Segoviaren (Cerdanyola, Herrialde Katalanak, 1978) basoko marrazkiak ikusteko aukera eskaintzen zaigu; marrazkiak guztiz inguratuta daude, liburuz inguratuta, eta, nahitaez, konbibentzian aditu behar ditugu.
Aipagarria da zenbat emakumek hartu duen ofiziotzat marrazkia eta horietariko zenbat izaten ari den oihartzuna. Espainiako Estatuan80ko hamarkadaz geroztik, Ana Juan-ek eta beste marrazkilari batzuek nazioarteko sona izan dute, eta ondoko belaunaldietan emakumeen egotea orokortu egin da: zerrenda luzea da. Carmen Segoviarekin batera, Sonia Pulido, Lola Lorente edota Antin bertan hurrengo erakusketa egingo duen Ana Galvañ datozkit burura. Euskal Herriko egoera ere emankorra da; liburu ilustrazioak, erakusketa bateko paretak, kamisetak... euskarri askotan jasotzen dira gure artisten lanak. Horren eredu dira Asun Balzola, Elena Odriozola, Concetta Probanza, Eider Eibar, Araziz Mezansa, Iraia Okina, Leire Iparragirre, Estibaliz Jalon, Leire Urbeltz...eta baita Azuzena Vieites, Abigail Lazkoz, Izibene Oñederra, Nadia Barkate, Ainhize Sarasola, June Crespo, Sahatsa Jauregi, Arrate Rodriguez eta Rosa Parma, besteak beste. Zerrenda luze horietan daudenak baino gehiago dira falta direnak, baina balio dezala zerrendatzeak agerikoa dena probatzeko.
Begi bistakoa da marrazkiaren gaur egungo erabilera askotarikoa, eta nabarmentzekoa oraindik ere «klasiko» deritzogun euskarrian, liburuan, lan egiten duten pertsonen kantitatea eta kalitatea. Eroso dabiltza asko eta asko paper editatuaren barrenean, eta hala esango nuke gertatzen dela Carmen Segoviaren kasuan ere (haren web orria bisitatzera gonbidatzen dizutet, www.carmensegovia.net). Niri ere gustatzen zait Los bichos bola Segoviaren azken ipuin ilustratua, zeina Luisa Fontanekin elkarlanean egin duen, etxeko sofan jarrita ikustea, baina marrazki horiek erakusleku bateko hormetan egoteak —liburu horretako asko daude Antin— balioa ematen die ezinbestean, eta marrazkiaren hedatzeko gaitasuna eta aukerak ikusarazten dizkigu. Marrazkia erakusgelara eramateak badu aldarrikapenetik asko, gogora dezagun nola zioskun Azuzena Vieitesek Artearen Historiak bigarren genero kontsideratu duelako egiten dituela marrazkiak.
Carmen Segoviak bere marrazkiak hainbat euskarritan sortzen ditu. Baditu lanak, besteak beste, aldizkarietan (The New Yorker, Revue XXI, Muze, Vanguardia, The New York Times...), disko azaletan (Gloria y la Belleza Sureña, El perro es mío...) edota liburu ilustratuetan (El bicho bola, La fille dans le mirroir, El cuento del pingüino…); lortu du marrazkilaritza ofizio bihurtzea eta horretatik bizitzea. Dibujos forestales erakusketak jadanik beste testuinguru eta euskarri horietan erakutsiak zituen marrazkien aukeraketa bat jasotzen du. Irudi monokromatikoak dira, gehienak tinta beltzez eta pintzelaz eginikoak.
Neska buruhandi batek kristalezko ontzi bat darama eskuetan, ontzian zerbait gordetzen du, eta basoan sartzen ari da. Trazu finez eginiko mota askotako belarrak eta animaliak daude basoan, aspaldikoak dirudite, lasaitasun urduria iragartzen dute. Badira konposizioan landareen irudi batzuk arkatzez eginikoak, botanikako irudi zaharrak gogorarazten dizkigutenak.
Erakusketaren gai nagusia basoa da, Carmen Segoviaren lanean askotan agertzen den gaia. Haren kasuan, basoak naturaren eta gizakiaren arteko harremanari buruz hitz egiteko balio du. Basoan, edota oihanean, dauden arrisku eta abenturen inguruan asko eta asko marraztu, kantatu eta kontatu izan da. Gai errepikakorra da, kultur adierazpen askok jasotzen du; atzoko eta gaurko haurtzaroko ipuinetatik hasi, basoan galtzen den Txanogorritxutik, eta proposamen garaikideagoetara, ezin ahaztu Debbie Drechslerrek The Summer of Love komikian nerabezaroko garai ilunak irudikatzeko marrazten duen baso ikaragarria.
Basoaren handitasuna, eta hedaduraz errealitatearena, Carmen Segoviak sinpletasunez ordenaturik, ordenagarri izango balitz bezala agertzen digu. Era berean, buru handiko neskatoak eskuetan erortzear duen kristalezko potea egitasmo honen arriskuaz ari da. Dena formatu txikian.
Artea. Kritika
Buru handiak basoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu