'Burnia'
Konpainia: Aukeran.Zuzendaritza eta koreografia: Edu Muruamendiaraz. Musika: Fernando Velazquez. Gidoia: Unai Elorriaga. Argiztapena: Xabier Lozano. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Ekainaren 9a.
Burdinaren izaerari dagokion bezala, hauspo baten arnasa entzun dugu hasiera batean, eta iluntasunak gorri kolorea hartu du mailuaren kolpeak entzun eta lehen dantzariak eszenaratu direnean, metalezko kubo handi gorriekin aurrera egiten zutela. Burdinoletako antzinako hots haiek, ordea, laster bihurtu dira soinu-banda sinfoniko Bilboko Udal Musika Bandaren instrumentuetan eta Juan Jose Oconen zuzendaritzapean.
Bestetik, bitxia da jakitea getxotarrak direla Fernando Velazquez konpositorea eta Unai Elorriaga idazlea, zeren eta Bilboaldearen identitatean hain garrantzitsua izan zen burdina ezkerraldeko mendietan sortu eta bertako siderurgian landu zen. Baina, burdinaren magnetismoak erakarrita edo, zubiak eraiki dituzte itsasadarreko alde biak lotzeko, eta zubiak izan dira Elorriagaren hari eroalea gidoia idatzi eta konpainiaren esku eskuzabaltasun artistiko osoz uzterakoan.
Velazquezek ere bere onena eman du musikaren konposizioan, eta XX. mendeko sortzaile handien ezaugarriak dituen partitura sortu du, filmetako ezaugarriekin batzuetan, eta askatasunak ematen duen handitasunarekin gehienetan. Muruamendiarazek, aldiz, oinarri literario eta musikal horien gainean diseinatu ditu bere koreografiak, esandako kubo metalikoen eta dramaturgiaren parte izan den argiztapenaren laguntzaz.
Elorriagak berak idatzitako testu labur batzuk tartekatu dira euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez zenbait eszenaren artean, baina euren ahoskera landugabeak asko trabatu du haiek ulertzea, eta beharbada eragin handiagokoa izan zatekeen atzeko pantailan proiektatuak izan balira. Gauzak horrela, koreografoaren esku geratu da burdinaren historia eta itsasadarraren gaineko zubiak irudikatzea, eta alde horretatik, bide eklektikoetatik ibili da mugimendua, iturri askotatik edanez eta hainbat ideia —hala nola lan fisikoaren irudikapena, ingelesen eragina eta espainiar etorkinen ekarpena— nahiko era estilizatuan irudikatuz, narratibotasunean jausi barik.
Dantzarien gorputzak krema koloreko jantzi soil baina dotoreetan bilduta etorri dira, eta hori ere osotasunaren parte izan da, ikuskizun handietan gertatzen den moduan. Haien mugimendu-kalitatea, ordea, beraien gaztetasunaren menpe egon da nonbait, baina horrek ez du eragotzi Bilboren nortasunean burdinak eduki duen pisuak omenaldi borobila jaso izana.
Kritika. Dantza
Burnizko zubiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu