HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Irri egin'

Bracketak

Idazlea: Raina Telgemeier. Ilustratzailea: Raina Telgemeier. Itzultzailea: Miel Anjel Elustondo. Argitaletxea: Astiberri.

2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Autofikzioa boladan dago. Literaturaren luze zabalak korrituak ditu eta, jakina, komikietan ekarpen asko utzi ditu jadanik. Tradizio nahiko luzea du AEBetan zein Japonian, eta Europan, gazte literaturari begira jarrita, badira bi hamarkada arrastoa utzi diguten Raymond Briggsen Ethel & Ernest edota Olivier Karen eta Alfreden Pourquoi j'ai tué Pierre argitaratu zirenetik.

Bai, nerabe eta haurrengana iristen ari da autofikzio bolada hau, eta Irri egin da, akaso, lekuko garbiena. Eta, esan beharra dago, goraipatuena ere bai, jaso dituen sari eta izendapen andanaren artean, komikigintzaren Nobel den Eisner Saria irabazi baitzuen 2011n, nerabeentzako argitalpen onena izateagatik.

Protagonistaren nerabezaroaren hastapenetan kokatzen da kontakizuna, trantsizio aroek berezkoa duten zalantza giroan. Seigarren mailan ikasten du, amek kudeatzen duten haur munduan bizi da, eta eskaut neska taldean sozializatzen da.

Gidoiaren ardatz nagusia Telgemeierrek hortzekin izan zituen arazo larriek marrazten dute. Ez da harritzekoa, beraz, haginlariari bisita egiten hastea kontakizuna, noiz eta bracketak jarri beharko dituela esaten dioten egunean. Bai, ortodontista hitza sarri irakurriko dugu. Kontsultara egindako bisitak errutinaz ikusiko ditugu, eta, aldi berean, kontakizunaren mugarriak direla ohartuko gara.

Eta hauxe izan zitekeen birgogorapen-ariketa ilustratu honek eskaintzen duen guztia, baldin eta Raina Telgemeier komikigile arrunta balitz, baldin eta oroitzapen horietan murgiltzea erabaki zuenean zorigaiztoa, mina eta ahaztu nahia besterik ez balu ikusi.

Baina ez, Telgemeierrek askoz gehiago eskaintzen digu. Hasteko, adin horietan ingurunearekin harremanetan nola jartzen zen erakusten digu (istorioak hiruzpalau urte irauten ditu, seigarren mailatik hasita, zazpigarren eta zortzigarren mailak igarotzen dira, eta azken ataletan institutuko lehen mailan dago): familia giroa zein zuen, egunerokotasuna nola bizi zuen (estatubatuarrek hain markatua omen duten sexuaren araberako bereizketa sozialaren ondorio patetikoak barne) eta adinkideekin izandako pozak eta minak nola kudeatzen zituen. Anekdotek erakusten duten panorama ez da, ez, bihotz altxagarria, baina kontakizunak baikortasuna islatzen du halere. Birgogoratze ariketa errukiorra da, estetikoki zein narratiboki.

Bikaintasuna honek guztiak ematen dio, nire ustez, lan honek giza kondizioa agerian jartzeko anekdota sotil batzuk besterik ez dituelako behar, filigranak marraztu gabe, irakurlearen bizkortasuna paralelismoak eraikitzeko libre utzita.

Azkenik, ezin ahaztuko dugu komikiak estatubatuarren gizarte atomizatuan kokatzen gaituela, San Frantziskon —lurrikarak eta guzti—, pantailetatik hain ezagunak zaizkigun eskolako dantzaldi eta graduazio ekitaldiekin, ditugun aurreiritziekin talka eginez, edo miresmena piztuz, batek daki.

Nobela grafiko ertaina da: zazpi ataletan banatuta dago, 224 orrialde ditu, eta 14x20 cm.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.