'Mr. Señora'

Botereari uko egin, indartsuak izateko

Egilea: Oier Guillan. Argitaletxea: Txalaparta.

2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Antzerki-argitalpenak hain urriak izanik, berri pozgarria da Txalapartak berriki Mr. Señora kaleratu izana. Liburuak Oier Guillanek idatzitako zazpi antzezlan jasotzen ditu, Ainara Gurrutxagaren hitzaurrearekin eta Idoia Beratarbide ilustratzailearen marrazki iradokitzaileek lagunduta. Garai ezberdinetan sortuak, oholtza gainean antzeztutako zein taularatu gabeko obra laburrak irakur daitezke bertan. Ez dira testu itxiak forman, ezta transmititu nahi den mezuari dagokionez ere. Egilearen arabera, «balizko antzezpen-lanetarako zirriborroak» baino ez dira. Antzerki molde tradizionaletatik aldenduta, Guillan ez da batere akotazio zalea. Horrez gain, testu gehienek ageriko zama poetikoa dute.

Joera garaikide horri jarraituz, edukian ere nabarmena da kutsu esperimentala. Identitatea maila askotan aztertzen eta iraultzen dute antzezlanek. Izan ere, Guillanen esanetan, obrak «pentsamendu bakarraren aurka» idatziak izan dira. Irakurketan zehar, generoa, demokrazia, maskulinitatea edo askatasuna bezalako kontzeptu potoloak agertzen dira, horiek deseraikiz aurrera egitea delarik autorearen helburua. Era horretan, ikuspegi estandarretatik ihesi, planteamendu ez-normatiboei ateak zabaltzen dizkie, inposatutako egiturak lehertuz. «Nola uko egin botereari, indartsu izaten hasteko»; hori da lan guztien oinarrian dagoen ideia nagusia, norberaren baitako hausnarketari bide ematen diona.

Maiz diskurtsoa gorputzetik abiatzen da, azalari eta sentsazio fisikoei oso lotuta. Irudi fisiko-poetiko indartsuak darabiltza Guillanek; baita subertsiboak ere, gizarteak ikusezintasunera kondenatutako gorputzak lehen planora dakartzan heinean. Gorputza borrokarako espazio gisa aintzat hartuta, aipatutako kontzeptu guztiak, mugiezinak eta zalantza gabekoak diruditen horiek, hain zuzen, diskurtso deseraikitzaile baten bitartez behera botatzen ditu.

Beste zenbait kasutan, ordea, emozio edo pentsamenduei itsatsiago nabari dira testuak. Horietan, irakurleongan identitate-mailako kontraesanak eragitea xede duten galderak dira nagusi; kontraesanek edozein kontzepturen gaineko ikuspegia zabaltzeko aukera bikaina eskaintzen baitute. Baina nola aipatu daitezke adierazezinak diruditen kontzeptuak? Nola mintzo daiteke autorea existentzia ukatua duten identitateei buruz? Guillanek elkarren osagarri ezin hobeak diren bi bide ezberdinetatik jotzen du. Alde batetik, isildutako hitzei leku bat emateko asmoz, terminologia berritu beharra aldarrikatzen du, eta, horretarako, sekulako lana egiten du hizkuntzaren berrasmakuntzaren arloan. Bestetik, haren eskuetan asmatutako termino berri horiek hitz-jolasetarako ezin aproposagoak suertatzen dira sarritan, are gehiago diskurtsoa hain eraginkor eta iraultzailea izan daitekeen tonu absurdo batez jantziz gero.

Mr. Señora ezinbesteko irakurketa da genero eta, oro har, identitate-gaietan interesa duen edozeinentzat, hura irakurle hutsa zein antzerkizalea izan. Ziur nago sorkuntzaren dohainetako bat deserosoa izatea dela defendatzen dutenek modu berezian estimatuko dutela azalari zein gogoari neurri berean eragiten dien zazpi antzerki-testu laburren bilduma indartsu hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.