KRITIKA. Antzerkia

Boterearen irudia

Agus Perez.
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun

'Rey Lear'

Konpainia: Atalaya. Egilea: William Shakespeare. Zuzendaritza, dramaturgia eta eszenografia: Ricardo Iniesta. Argiak: Alejandro Conesa. Jantziak: Carmen eta Flores de Giles. Musika-konposizioa: Luis Navarro. Koreografia: Juana Casado. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia. Eguna: Martxoaren 14a.

Sevillako (Espainia) Atalaya konpainia mitikoari egokitu zaio aurtengo dFeria ixtearen ohorea, eta Rey Lear izan da ekarri digun obra. Ricardo Iniestak gidatzen duen taldeak munduko kontinente guztiak eta jaialdi nagusiak bisitatu ditu, eta bere muntaketa erabatekoekin lortu dituen nazioarteko sari-zerrenda luzea da benetan.

Indar handiz hasi da emanaldia, intriga eta tragedia giroan —nola bestela?— antzezleen presentzia eszenikoaren erakustaldi betean. Jantzien diseinu miresgarriak ederki konbinatu ditu egilearen aroko soinekoen linea eta ukitu garaikide ia subliminalak, eta koloreen aukeraketa ere ildo beretik joan da: gorria beltz ukituekin hiru alabentzat gordeta, berde-horixka-marroixka suabeak bufoiaren kasuan, gris gamakoak noble eta gerlarientzat, tonu arreak eta zuri zikinak eskale eta baztertuentzat eta zuri hutsa erreserbatuz tragedia hartatik salba zitezkeen bi pertsonaientzat.

Ikusten denez, Iniestaren muntaietan ez da ezer kasualitatearen esku uzten, Gabriel Zelaiak baldin bazioen «poesia etorkizunez kargaturiko arma» dela, Iniestarengandik gauza bera esan dezakegulako, poesia hitza antzerki bihurtuta.

Jantziak aipatu ditugu lehen, eta antzezleen presentzia indartsua ere bai, elementu ukigarriak direlako eszenaratze batean, baina argumentuaren garapenean rol erabakigarria jokatu dute elementu immaterial bik. Alde batetik, argiaren kalitate piktorikoak —egilearen garaiko margolanen antzekoa— lehen mailako rola jokatu dramaturgian, eta, bestetik, musika dugu, azken hori bi planotan: bat Iniestaren joera brechtiarraren araberakoa, pasarte abestuak era koralean tartekatuz eszenak eta giroak aldatzen ziren bakoitzean; eta, bestea —berrikuntza nik uste, taldearen ibilbidean galdu dugun hamarkadan—, soinu-banda era zinematografikoan erabiltzea, pertinentzia handiz eta batere nabarmenkeriarik gabe, beste guztiarekin gertatu den bezala.

Konpainiaren ezaugarria da muntaia bakoitzean elementu eszeniko bakarra erabiltzea, eta kasu honetan hamaika mahai errektangular luze eta baxurekin eraiki dira argumentuak eskatutako giroak eta kokapenak, azkar eta isilean eraiki ere argiaren konplizitate bizkorrarekin. Baina badirudi antzezleez ahaztuta gabiltzala, eta alde horretatik esan beharra dago haiek izan direla emanaldiari erritmo sostengatua, indarra, sinesgarritasuna eta sakontasuna eman diotenak, beren kemen eta prestakuntza pertsonalarekin eta dantzaren kalitatean jokatu duten estiloarekin.

Amaierarako utzi dugu, nahita, testuaren moldaketa, berez egilearen hitzak moldatu ez eta haiei ezer gehitu ez diena. Hitzon artean, aipu bat ekarriko dut hona, Iniestak bilatutako mezua ongi laburbiltzen duelako: «Inoiz ikusi ote dituzue zakur zaindariak eskale bati zaunkaka eta hura ihesean jarriz? Bada, horixe da boterearen benetako irudia». Shakespearek esana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.