Katakrakek 70eko hamarkadako bi testu dakarzkigu Sorginak, emaginak eta erizainak liburu argitaratu berrian, eta pentsa genezake zilegi ote den euskarara ekartzea sorginei buruzko hain aspaldiko testu bat, jakinik gerora ikerketa sakonago eta zehatzagoak egin direla. Baina liburu honen indargunea, zehaztapenetatik harago, historia errebisatzeko plazaratzen dituen loturetan dagoela esango nuke.
«Historia ez dago itxita», hori da liburu honen balio nabarmenena. Iragan irekiaren ideiak historia berrikusteko aukera ematen digu, sarri ahazten baitugu egun bizi eta erabiltzen ditugun sistemak eta kontzeptuak noizbait sortu zirela, ez direla betidanik egon edota ez dutela beti izan egun duten garrantzia edota posizioa. Sorginei buruz hitz egitea medikuntzari, botere harremanei eta egun ezagutzen dugun mundu modernoari buruz aritzea baita: «Medikuntzaren gaineko kontrola edukitzeak gauza asko erabakitzeko boterea ematen du: nor biziko den eta nor hilko, nor den emankor eta nor antzu, nor dagoen eroa eta nor bere senean». Azken batean, nork zein posizio okupatzen duen komunitate bakoitzean.
Ehrenreichek eta Englishek estilo zuzen eta indartsua —akaso zenbaitetan panfleteroa suertatu dakiokeena norbaiti— erabiltzen dute liburuxkaren bizkarrezurra osatzen duten kontzeptuak trebeziaz lotzeko: emakumezko sendalariek herri xehearentzat zuten garrantzia, emakume horien boterea eta jakintza herritarrak ezabarazteko sorgin-ehiza, osasungintzaren botere-esparrua hartu zuten gizon «profesionalak», Elizak eta klase agintariek botere borroka horretan jokatutako papera eta ondorioz sortutako medikuntza modernoaren prestigioa. Finean, egileen arabera, historian zehar behin eta berriz errepikatzen diren bi zapalkuntzaren uztarketa da gatazkaren muina, generoa eta klasea gurutzatzen baitira liburuko tesi nagusian: klase herritarreko emakumeen eskutik klase ertaineko gizonenetara pasatu zela osasunaren kontrola, sorgin deituriko sendalariak, bai emakume boteredunak zirelako, bai herri xehearen mediku zirelako, jazarriak eta erailak izan ostean.
Nahiz eta aspaldiko argitalpena izan, harrigarria da testuak egun daukan gaurkotasuna. Lehen atala nabarmenduko nuke, sorginei buruzkoa, idatzi zenean apenas ikerketarik ez bazegoen ere botere jokoa argitzen laguntzen baitu, baita sorginen mistikotasuna arintzen ere. Akaso bigarren atala, denboran gertuago egonagatik ere, desfasatuago geratzen da, AEBetako medikuntza modernoari buruz ari baita, eta errazago ikus ditzakegu gaur egunera arte egondako aldaketak. Hala ere, hausnarketa interesgarriak ditu erizain eta medikuen arteko bereizketa eta emakume perfektuaren irudia azpimarratzeko erizainaren figura nola erabili den ulertzeko.
Katakrakek bide bat hasi zuen, Silvia Federiciren laguntzarekin, sorginen historia berreskuratu eta berrinterpretatu asmoz. Bide horretatik, interesgarria litzateke liburu honetan azaleratzen diren botere gatazkak gurean nola gertatu ziren jakitea, gure osasun-sistema nola eraiki den eta nola eragiten digun ulertu nahi badugu. Badago, beraz, beste liburu baterako gaia.
Literatura. 'Sorginak, emaginak eta erizainak. Emakumezko sendalarien historia bat'
Botere jokoak
Idazleak: Barbara Ehrenreich, Deirdre English. Hitzaurrea: Silvia Federici. Itzultzailea: Maria Colera Intxausti. Argitaletxea: Katakrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu