'Kitto, nik utziko dut'
Testuak: Teresa Calo, Dorleta Urretabizkaia, Carlos Zabala. Zuzendaritza: Eneko Olasagasti. Musika: Joserra Senperena. Antzezlea: Amagoia Lauzirika. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia Club aretoa. Eguna: Ekainak 2.Bokazioan harrapatuta aurkitzen da emakume protagonista. Antzerkirako sena jaso omen zuen amaren bularretik ia-ia, eta hasierako urteetako emozioak eta une loriatsuak igarota, bolada txarra igarotzen ari da: inork ez dio deitzen antzezlanen batean parte har dezan eta, deitzekotan, casting amaigabeen prozesu gupidagabeak jasan behar ditu, eta bere adinean gero eta gehiago kostatzen zaio besteen aurrean ezdeus ematearen sentsazio gogor hori.
Amagoia Lauzirikaren bakarrizketa honetan finezia nabarmenez planteatzen dira taula gainean hainbatetan ikusi ditugun gai batzuk, eta haietariko nagusiak bi dira: antzezle gehienen betiko arazo existentzial/profesionalak, eta emakume askoren zailtasunak amatasuna eta hautatu duten edo tokatu zaien lanbidea konbinatzeko. Kasu honetan, protagonistak ez du senarraren aldetik oztopo berezirik aurkitzen, baina azken finean hark ere jokatuko du gurasoek eta seme-alabek bezala, auzitan jarriko baitu emakumearen hautu profesionala familia-bizitzaren gainetik jarri izana.
Eneko Olasagastiren gidaritzapean oso era koherentean elkartu dira hiru egileren testu zatiak—Teresa Calo, Dorleta Urretabizkaia, Carlos Zabala—, eta ikusleak arazorik gabe hartuko du bakarrizketa hau testu bakartzat, kontakizunak oso era jariatuan egiten baitu aurrera. Ene uste apalean, testuak duen eragozpen bakarra gaur egun modan dagoen middle style edo estilo ertainekoa izatea da, horrek esan nahi duelako egokia dela protagonistaren gogoetak era edukatuan adierazteko edo informazioak helarazteko, baina teatraltasunaren aldetik zerbait falta zaiola, amorrua beharbada, kemen apur bat, probokazioa agian... nire gusturako behintzat.
Olasagastik ofizio onez eta naturalismoaren parametroetatik zuzendu du antzezlearen lana, edozein esperimentaziori uko eginez, baina argiak eta erritmo-aldaketak ganoraz zainduz. Lauzirikak, berriz, bere prestakuntza profesionalean bermatuta eraiki du bere pertsonaia, presentzia eszenikoaren jabe, keinu neurtu baina adierazkorrekin eta daukan dohainik onenari etekin polita ateraz: izan ere, bai Joserra Senperenak moldatutako abestietan bai hitzezko pasarteetan, bere ahots leuna eta ondo modulatua izan da emanaldi atsegin honen itzalpeko protagonista.