Ruthie Foster eta The Taj Majal Trio / Ximo Tebar
Lekuak: Mendizorrotzako kiroldegia eta Principal antzokia.Eguna: Uztailak 13.
Zorioneko betiko blues delako musika bere bizitza osoan (74 urte) jorratzen aritu den gizon batek, Henry Saint Clair Fredericksek edo, hobeto esanda, Taj Mahalek opari ederra eskaini zigun Gasteizko Jazz jaialdiko bigarren eguneko gauean. Ordu eta erdiko ekitaldi aberats batean—luzea ez zitzaigun egin, inolaz ere— hainbat motatako bluesak jo zituen. Hasieran, steel guitar edo altzairuzko gitarrarekin lagunduta; gero, gitarra txikiarekin —«la niña» bere hitzetan—; ondoren, piano elektrikoaren laguntzarekin; berriro beste gitarra akustikoarekin, gitarra elektrikoarekin, eta steelguitar-arekin, ekitaldiaren amaieran.
Taj Mahalek zaharren jakinduria dauka bere ahots eta atzamarretan. Bluesaren historiaren lekuko ordainezina da, eta ez dauka inolako eragozpenik gordetzen duen aberastasun hori ikusleekin partekatzeko. Bi kiderekin batera —Eddie Rich baxu elektrikoan eta Kester Smith baterian— taularatu zen hainbat gitarraz inguratuta. Esango nuke estilo guztiak jorratu zituela: landako bluesak, elektrikoak, Afrikako jatorria adierazten dutenak, ahaire kubatar edota espainiarrekin lotuta zihoazenak...
Jadanik esan dudan bezala, bakarrik ahotsez, gitarraz eta pianoaz lagunduta Queen Bee, Fishin' blues, She Caught the Katy and... eta hainbat abesti eman zituen, amore eman gabe. Gauzak horrela, Señor Blues famatua ez zuen abestu, ikusle batzuek eskatu bazioten ere.
Zorioneko gaua. Ez dakit horrelako oparia beste batean gozatzeko aukera izango dugun, zeren eta herri afro-amerikarraren historia gordetzen duten musikariak adinean aurrera egiten ari dira, eta haiek galtzen ari gara, ezinbestez; gazteek, gainera, ez dute haien oinordetza zaintzen.
Mediterraneoko ahaireak
Aipatu dudan galtze arrisku horren adibidea gauaren lehenengo zatian gauzatu zen, hasierako artista gisa Ruthie Foster Texasko abeslaria aritu baitzen. Zaila da emakume horri bere jatorriaren aztarnak antzematea. Gospel musika jorratzen zuen familia batean jaio zen, eta bertan hazi zen musikalki ere, gaur egun batzuk Americana music izendatu duten nahaste-borraste horretan murgilduz. Haren ahotsa ederra da, baina ez da ezer handirik kutsatzeko gauza.
Arratsaldeko saioan, Principal antzokian, aspaldiko musikari ezagunak egin zigun bisita. Ximo Tebar Valentziako gitarra jotzaile aspergarriak duela hogeita bost urte sortu zuen Mediterraneoko Soinua izendatu zuen asmakizun musikala—Son Mediterraneo izeneko diskoa izan zen horren abiapuntua—. Horretan, jazza, flamenko ahaireak eta beste zenbait musika leun eta atsegin nahasten dira. Musika erraza eta ikusleria zabal bati zuzendutakoa.
Asteazkenean, Jazzaldiaren areto txikian taularatu zen bere azken lana aurkezteko: Soleo. The New Son Mediterraneo Celebrating 25th; Mediterraneoko soinu berria ospatzeko 25. urteurrena, nolabait. Eta, hasieran beldurra banion ere, iragarritako musika horren berrikusketa, entzundako emaitza, ez zitzaidan horren desatsegina egin.
Ximo Tebarrek Larry Carlton, Pat Metheny eta hainbat musikariren elementuak gehitu dizkio bere proposamen mediterraneoari —zer izango ote den etiketa horren pean dagoena, ez dakit—, eta, ezustean, emaitza goxoa atera zaio.
Beraz, soinuaren aldetik penagarri izan zen ekitaldi batean—arazo tekniko ugari izateaz gain, soinuaren bolumena ozenegi zegoen— ikusleek ondo hartu zuten tipo valentziar honek eskaini zien eskaintza sinpatikoa. Ni neu ere horien artean nintzen.
KRITIKA. Gasteizko Jazzaldia
Bluesa jazzaldiaren jabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu