Literatura. 'Bizia min'

Bizitzaren mina

Idazlea: Jon Ander Urkiaga. Argitaletxea: Luces de Galibo.

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroako Kutxa Fundazioaren Gazteentzako I. Poesia Sariko irabazlea izan zen 2020an Jon Ander Urkiagaren Bizia min obra, Luces de Galibo argitaletxeak argitaratu berri duena. Txapelketak gaia eta estiloa irekita utzi bazituen ere, Urkiagak iragaitearen inguruan egituratu du bilduma: joandako denbora, joandako bizitza, joandako pertsonak. Lehenaldi hori, gehienetan, amorruz bizi du ni poetikoak, galerak eta hutsuneak uzten duten samina da obsesio nagusia konposizio gehienetan, nahiz eta baden etorkizunaz diharduen poema indartsu eta itxaropentsuagorik, Hogeita hamalau, kasurako.

Egiturari dagokionez, hiru ataletan bereizita ageri dira olerkiok, eta esango nuke banaketa ez dela gai aldetik soilik egin; kapitulu bakoitzeko izenburuek iradoki legez, formalki ere aldeak daudela nabaria da. Lehenengoak Heriotza bezain gordin, bizitza bezain gordin du izenburua eta etorkizunaz, denboraren iragaiteaz, auzi politikoez, identitatearen bilaketaz eta absurdoaz diharduten lanak barnebiltzen dira bertan: «Zapuztutako aberri guztiek dituzte komunean/ sutan dauden banketxeak,/ bidean gurutzatutako kontainerrak,/ borrak, gomazko pilotak, pintadak...».

Bigarrenean, Heriotzari ikasiak atalean, kobazuloak aipatzen dira. Leizeak. Negua. Antitesiak ohikoak dira, kontrasteak, paradoxak. Eraikitzen duen iruditeriak eta darabiltzan baliabide estilistikoek beltzez eta goibeltasunez janzten dute kapitulua. Lehenengo atalean ez bezala, honetan animaliek protagonismo handiagoa hartzen dute. Lehen poematik bertatik euskal literaturaren tradizioan horren erabilia izan den trikua agertzen zaigu. Axularrek sagarroiaz hitz egin zigun, Atxagak lozorrotik esnatzen den trikuaz, Sonia Gonzalezek, ahots aldarrikatzailez, arantzak ere iraulita dituen sagarroiaz. Bada, Urkiagak, Atxagari keinu eginez, lozorrotik esnatu eta bidea gurutzatzera ausartzen ez den kirikolatza dakar orrietara: «Kirikolatza esnatu da egunbeteko lozorrotik,/ eta inurriak mamurtzeari ekin dio/ oskolak irentsitako gorputz single bat besterik ez denak».

Hirugarren atalean, Herio-kantak, olerki labur eta errimatuagoen alde egin du poetak. Erritmo eta errima bizien mesederako, asko jolasten da errepikapenekin: paralelismoak agertzen dira usu, baina, batez ere, anaforak nagusitzen dira. Naturak presentzia konstante bat duela sumatu dugu, eta damua, joandakoekiko nostalgia, bizitzari aurre egin beharra dira gai nagusietako batzuk liburua ixten duen atal honetan: «Argazki zahar bat/ baino ez baita bizitza/ geldi gaude, baina/ horitzen gabiltza». Bai alderdi formaletik, bai tematikotik poemarik interesgarrienak iruditu zaizkit atal honetakoak. Epilogo bat ere erantsi dio autoreak obrari, zeinetan heriotzaren printzak ageri zaizkigun, baina tonu alaiago eta itxaropentsuago batetik.

Ezaugarri kurioso bat: poema guztien izenburuak zenbakiz izendaturik daude, lehenengoa 39tik hasten da, eta 0ra arte, atzerantz zenbatzen ditu poemak, tenporizadore bat irudikatuz, etenik ez duen tik-tak sarkor hori imitatuz. Tematikoki denboraren iheskortasuna obsesioetako bat izan bada obran zehar, nago formalki ere lortu duela horren berri ematea. Aldi joana ez da itzultzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.