Musika. Epica. 'Omega'

Bizitzaren labirintoa

Diskoetxea: Nuclear Blast.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Alpha eta omega. Hasiera eta bukaera. Bizitzaren labirintoan sartu da Herbehereetako Epica taldea, etxerako bidea topatzeko. Omega diskoaren azalean ageri da labirintoa, beste hainbat sinbolorekin batera. Hasiera batean, The Omega Point izenburua jarri zioten lanari, espekulazio zientifiko zein espiritual hori delako oinarria. Teoria jakin baten arabera, Big Bang delakoa izan zen unibertsoaren jatorria, eta omega puntua litzateke bukaera.

Urteetan landuriko metal sinfoniko dotorearekin batera, askotariko gai interesgarrien soinu bandak konposatu dituzte. Batez ere, Mark Jansen musikari apartak. Berak sortu zuen Epica duela bi hamarkada inguru, eta ordutik bilaketa etengabea mantendu du alor guztietan. Musikalki, oinarriak hasieratik zehaztu zituen: orkestrazioaren eta koroen garrantzia, eta ahots liriko, melodiko zein urratuen arteko nahasketa. Jansenek hitzak eta kontzeptuak maila berean jarri zituen, eta bere intereseko gaiak zeintzuk diren jakin dugu. Besteak beste, maien kultura eta jakinduria, erlijioak, bizitza eta heriotza, eta fisika kuantikoa.

Simone Simons abeslaria du hasieratik bidelagun. Mezzo-sopranoaren opera ahots zoragarriak dotoreziaz janzten ditu Jansenen konposizioak. Omega zortzigarren diskoari dagokionez, Simonsek adierazi du beraien ibilbideko konplexuena eta dinamikoena dela. Gainera, zortzi zenbakia beraientzat berezia dela aitortu du, irauliz gero infinituaren sinboloa irudikatzen duelako. Beraz, alfabeto grekoaren azken hizkiak ez du iragartzen Herbehereetako seikotearen bukaera. Nahiago dute infinituari begira bizi.

Alpha da diskoaren hasiera, eta omega bukaera. Ezustekorik ez, beraz. Ordea, hizki batetik bestera iristeko labirintoa zirraragarria da. Epicaren metal sinfoniko aberatsaren ezaugarri guztiak ditu. Orkestrazioen bidez eraiki duten soinu banda klasikoa, melodikoa, gordina, modernoa, progresiboa eta tarteka arabiar kutsukoa da. Inoizko oinarri sendoena dute horretarako; Pragako Orkestra Sinfonikoak grabatu du Jansen maisuak idatzitakoa. Horrekin batera, bi koro erabili dituzte, bat helduena eta beste bat haurrena. Aipaturiko elementuak ondoen jasotzen dituzten piezak dira Abyss of Time, Seal of Solomon, Freedom-The Wolves Within eta Code of Life.

Sartu orduko kosta egiten da irteera aurkitzea. Epicaren unibertsoa ezagutzen duenak ez du labirintotik atera nahiko, eta probatu nahi duenak ez du denbora alferrik galduko. Omega entzule berri askorentzat bukaeraren hasiera izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.