Egilea: Rikardo Arregi Diaz de Heredia.
Argitaletxea: Alberdania.
Rikardo Arregiren hirugarren poema liburua da hau, 14 urteko (Kartografia, 1998) ia erabateko isiltasunaren ondoren datorrena. Bi liburu mota omen daude: irensten direnak eta irensten zaituztenak. Pittin bat pentsatuta ohartuko zara, irakurle, zein gutxi diren bigarren motakoak. Hau da bat.
Poema liburu oso sendoa da, borobila, poetika hausnartu eta konplexu baten loratzea. Liburuaren batasuna egituran ikusten da garbi; hiru atal handi, bakoitza autonomoa nolabait, bai gai aldetik baita bereizgarri formalei dagokienez ere, eta era berean guztiz osagarriak hirurak. Gaiak artea, maitasuna eta heriotza dira.
Lehen atalean (Bizitza=Artea) poetak artea eta bizitza parekatzen ditu; beharbada biek dutelako balio bera eta, gainera (idazleak esana), biak ala biak eraiki egiten ditugulako. Esan behar da bizitza arruntaz, egunerokoaz ari dela, eta ez zentzu neoplatonikoan. Begira Poetikak eta poemak libururako Rikardo Arregik berak idatzi zuena: «Poesiaren zeregina esatea da, mundua esatea, errealitatea esatea». Baina nola esan?: «esatea da kontua eta ez esanahiak bilatzea, batzuetan poesian errealitatearen esanahiek estaltzen dute errealitatea» (19). Horixe da Bitan esan beharra-n egiten duena: errealitatea esan.
Bigarren atala (Amodiozko poemak edo) maitasunari eskainia da. Zentzu zabalean hartzen da hemen amodioa, bizitzaren oinarrian eta arte gisa hau ere. Lehen pertsonaren presentzia nabaria da, baina ez dago sentimentalkeriarik eta topikoak ironiaz jartzen dira zalantzan, izenburutik bertatik. Bereziki aipagarria da nola lortu duen maitasuna hain fisikoa, hain plastikoa izatea (erotismorik ere bada noski). Adibidez: «Maitasunaren atsegin beroa / ezagutu duenak/ nola beteko ditu / gorputzek utzitako hutsuneak / lagunen hitz epel eta hitsekin?» (X).
Hirugarren eta azken atalean (Requiem) egitura itxi egiten da, heriotzarekin hain justu. Eta heriotza, dio poetak, ez da artea: «Bizitzea arte handia da; / baita maitasuna ere, noski; / baina heriotza ez da inoiz / arte edo artista izango» (Arterik ez). Eta ezin esan gabe utzi: oso ederra da Luis Cernudaren hilobia poema.
Gaien transzendentzia ikusita norbaitek pentsa lezakeenaren kontra, Rikardo Arregigan ez du irakurleak poeta erromantikorik topatuko. Ez analogia, baizik ironia da haren poetikaren funtsa; eta ez bakarrik umore edo jolasagatik, baizik eta begirada ez-liluratua duelako (jendeari begira, erlazioei, naturari, maitasunari). Alde horretatik, autoironia agertzen da (adb. Argiaren jainkoa) eta tradizioari ere begiratzen zaio. Obra batek literatur tradizioa behatu eta harekiko jarrera bat irudikatzea puxtarri bat da ia beti; poetikaren parte ere bada. Rikardo Arregiren poesiak oso aintzat hartzen du tradizio literarioa, eta maisutasunez lantzen, errespetuz eta ironiaz aldi berean (adb. Fervor de Buenos Aires). Gureen artean, esaterako, Lizardi hainbat bider agertzen da (Txolarreak, Autobusetik, e.a.)
Formalki ere, tradizioa bistan dugu. Poesia neurtua da nagusiki, eite klasikokoa asko (7, 11, 14koak...). Baina formak ez du jarioa behartzen, horren lekuko da hain nabaria den narratibitatea. Hizkera poetikoa argia da, iradokitzailea baina surrealismo eta figura poetiko bihurririk gabea.
Esanda dago, irakurle: maila goreneko obra da Bitan esan beharra. Baina, azkenean, Rikardo Arregik berak esana gogoratu behar da: «Axola duena da irakurlea emozionatu den ala ez» (Poetikak eta poemak). Eta emozioa neurtu ezin denez gero, hemendik aurrerakoak zure esku.
Literatura. 'BITAN ESAN BEHARRA'
Bizitzaren artea, poematua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu