'Amable Arias banbalinetan'
Non: San Telmo museoa, Donostian. Noiz arte: maiatzaren 28ra arte.Azkenaldian, etxetik gertu mugitzen naiz erakusketak ikusteko. Nahiko kontzienteki eginiko hautua da hau, eta, nola ez, nire egitekoan eragin zuzena duena, baita irakurleen edukietan ere. Azkenaldian etxetik gertu gauzatzen diren erakusketak bisitatzea lehenesten dut, arrazoi berekoi batengatik agian, nire buruaren zaintza hobesten ahalegintzen naizelako, halako oreka baten bila. Eta honek, nola ez, nire egitekoan eragin zuzena du, baita irakurleengan ere. Eta zuetakoren batek agian esan dezake honen aurrean: Eta niri zer axola dit azalpen honek guztiak? Agian egia da. Agian ez dut esplikaziorik eman beharrik; tokatzen den erakusketari buruz idatz dezaket, eta kito. Baina agian, hautu kontzienteago baten ondorioa ere bada, maiz, ingurukoekin eztabaidatzen dudana: nondik idazten den agerian uztearena, biluztearena nolabait, nire afektuak mahai gainean jartzearena, horrek testuaren edukian eragina baitu, testuaren subjektibotasunean, zalantzarik gabe. Eta honek, irakurleari agian ondoren datorrena testuinguruan jartzen, ulertzen eta interpretatzen ere lagun diezaioke.
Baina tira, paragrafo hau guztia aitzakia hutsa ere izan daiteke, ekintza berekoi hutsa, ez baitzait erraza egiten maiz testuei hasiera ematea, eta hau errekurtso bat izan daiteke horretarako. Azken finean, hau guztia, oraingoan ere berriro San Telmo museoko erakusketa batez idatziko dudala esateko idatzi baitut, Amable Arias banbalinetan mostraz.
San Telmoko programazio politikak direla eta, areto nagusietan ez dira artisten banakako erakusketak egiten. Izaera honetako proiektu interesgarriren bat iristen baldin bazaie, bertako langileen aburuz egitea mereziko lukeena, eraikinaren bigarren solairuan, liburutegiaren gainean dagoen espazioa esleitzen zaio. Hala egin zuten Rosa Valverderen kutxen erakusketekin, eta gauza bera egin dute Amable Ariasen pinturekin ere. Baditu alde on eta txarrak espazio honek: sarrera librekoa da, baina lekua ezkutatu samar gelditzen da ezagutu ezean, eta, gainera, erakusketen instalazioak planteatzeko ez da aretorik errazena.
Diseinu museografikoak, ordea, aretoak sor zitzakeen arazo guztiak itzalean utzi ditu. Aspaldian ikusitako proposamenik erakargarrienetarikoa izan da, espazioaren forma, antolaketa, eta koloreen bidez edukiari dagozkion ideiak eta kontzeptuak transmititzea lortzen baita. Agian oker egongo naiz, baina Ana Garciaren eskua antzematen dela esango nuke. Museografiak banbalinetara garamatza, eszenatoki atzealdeetara, normalean ikusleen begiak eta gorputzak sartzeko aukerarik izaten ez duten espazio misteriotsu eta ezkutu horretara.
Eta bertan, Amable Ariasek Antzoki Zaharrean topaturiko unibertsoa bistaratzen zaigu. Irudiak zoragarriak dira; koloretako akuarela mantxaz eta ziurtasunezko trazu azkarrez eraikiak. Egilea ez da xehetasunen bilaketan ari, ez da horretarako beharrik ere. Hazpegiak ere ezabaturik daude, eta gehienetan ez dago artistarentzat posatu duten gorputzen identitatea ezagutzeko paradarik; orrian bertan Ariasek haien izenak idatzi ezean, anonimoak lirateke. Agian egilearentzat bazuten lotura emozionala—hori iradoki dezakete erakusketan ipini dituzten artistari dedikatutako argazkiek—, baina, horrez gain, bata Lina Morganen irudikapena izatea, eta bestea, berriz, Piero Guelfirena, anekdotikoa den zerbait dirudi.
Dantzariak edo aktoreak izan, irudien trataeran ez da ezberdintasunik antzematen, artistarentzat marrazkiak egiteko aitzakia baliagarri baitziren guztiak, haien arteko ezberdintasunik gabe: Antzoki Zaharreko emanaldiek baldintzatzen zuten errealitatea. Hala, soberan egon zitekeen berez txikia den erakusketa artistak irudikatutako pertsonaien lanbideen arabera antolatzea, baita hainbat leku eta txokotan artistari eskainitako argazkien presentzia errepikakorregia ere, eta Antzoki Zaharreko garai bertsuko emanaldi baten proiekzioa ere bai, izatez museografiak jada ezin hobekiago irudikatzen baitu agertokia. Horiek ikusi baino gusturago irakurriko nituzke artistak banbalinen artean izandako bizipenak kontatzen dituzten idatziak, Maru Rizok katalogoan aipatzen dituenak.
Dena den, erakusketa atsegina da, ikusteko gozagarria, eta orain arte ezezaguna zen Ariasen ekoizpen garai eta lan multzo interesgarri bat ikusteko aukera bermatzen duena, bere bizipen partikularretatik abiatuta; ondorengo urteetan artistak garatuko duen unibertso eta mundu partikular, propio eta ezagunagoaren aurrekari izan zena.