Kritika. Dantza

Bizi naizeno dantzatu

Agus Perez.
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
'Oroitzen naiz'

Lekua: Bilboko BBK aretoa. Eguna: Martxoak 3.

Ikusmin handian bilduta etorri da Bilbora pasa den irailean Miarritzen estreinatu zen Oroitzen naiz… dantza lana. Mizel Theret koreografo euskaldunak lehendabiziko aldiz elkartu ditu taula gainean euskal dantzan eta kulturan marka sortu duten hiru izen handi —Philippe Oianburu, Jean Nesprias eta Koldo Zabala— eta, izenburuak dioen bezala, haien oroitzapenak izan dira koreografia osoaren oinarria. Honezkero hirurak dira adineko jendea, oholtzetara aspalditik igo ez dena, eta berriro beren estiloa ikustearen posibilitateak —are gehiago hirurak batera egonik——artista onduen aldeko omenaldi bihurtu du gaualdia.

Ez zen, ordea, Mizel Thereten asmoa hiru artista edadetuen omenezko zerbait egitea, nahigabeko emaitza hori ia saihestezina zen arren, eta emanaldian zehar ikusi da koreografoak oso argi eduki dituela ideiak hiruren ahalmen fisikoekin jokatzean eta haietariko bakoitzaren ondare artistikoa material koreografiko bezala baliatzerakoan. Bestetik, eta haien kategoria ikusita, seguru nago hirurek uxatu zituztela hasierako zalantzak koreografoak proiektu argi bat bazeukala jakitean.

Izan ere, Thereten asmoa izan da gorputz zaharkituetan mugimenduak utzitako memoriaren arrastoak aztertzea eta isiltasunaren ideiarekin jokatzea, eta bide horretatik, isilean hasi da emanaldia, hiruren presentzia eszenikoa nabarmenduz. Agertokitik kanpo ere erabatekoa izan da publikoak gorde duen isiltasuna, eta begirunezko isiltasun horrek era batean edo bestean blaitu ditu dantzarien mugimendu pausatuak, musikaren rola esanguratsua izan den arren: euskal kanta herrikoiak, Anjel Illarramendi, Mikel Laboa, Arvo Part…

Hiruren nortasun artistikoen zertzeladak jakituria handiz konbinatu dira lasaitasun handiko pauso eta eboluzio dotoreekin, eta haien artean umore ukitu txikiak eta hiru dantzarien adierazpen laburrak tartekatu dira, beren herriarekiko loturak azpimarratuz. Koreografoa bera ere egon da presente denbora osoan eta, amaiera aldera, pauso leun batzuk garatu ditu haietariko bakoitzaren aurrean, haiengandik ikasitakoa hurrengo belaunaldietara igaro dela adieraziz. Beharbada, Oianbururen hitz hauekin laburbildu ahal dugu proiektu osoaren izpiritu miresgarria: «Bizi naizeno bizitza kantatuko dut; bizi naizeno bizitza dantzatuko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.