Drake anaien joan-etorriek baldintzatu dute Ingalaterrako Evile taldea. Oso gazteak zirela sortu zuten, eta, bizitzak aurrera egin ahala, bakoitzak erabaki bat edo beste hartu behar izan du. Horrek zortzi urte luzeko sormen etena eragin du. Hell Unleashed bosgarren diskoarekin itzuli dira, eta bizirauteko arrazoi sendoak dituzte. Thrash metalaren azken loraldian nabarmendu ziren eta zituzten. Ordea, ez dute iraganetik bizitzeko beharrik.
Laukoteak aldaketa gutxi izan ditu Metal Militia izena baztertu eta Evile hautatu zutenetik. Aldaketa gutxi, baina esanguratsuak. Mike Alexander baxua 2009an zendu zen, Infected Nations disko apartaren Europako kontzertu biraren erdian. Ol Drake anaia gazteak 2013an utzi zuen taldea, Skull lana argitaratu berritan. Ingalaterrakoen goranzko joera apaldu zuen horrek. Bost urte geroago itzuli zen, 2018an. Aldiz, iaz Evile uztea erabaki zuen Matt Drake anaia zaharrak. Orain, batak bestearen hutsunea bete du; Ol gitarristak hartu du abesteko ardura ere.
Mugaz beterik dago musikagintza, eta baita metala ere. Askotarikoak dira muga horiek, baita norberak barneratzen dituenak ere. Thrash metala estilo aldetik mugatua dela pentsa dezakete batzuek, eta ezinezkoa dela 2021ean zerbait berritzailea eskaintzea. Ona izateko berritzailea izan behar al da? Evile taldeak direna gogortzea erabaki du, baina estiloaren berezko ezaugarriak azpimarratuz.
Bortitzagoa, lehorragoa eta zuzenagoa da Hell Unleashed diskoa. Matt anaia zaharrak zuen kantaera melodikoagoa zen, eta bere agurrak osagai hori ezabatu du. Ol anaia gaztearen ahotsa urratuagoa da, eta, ondorioz, musika bera ere gordinagoa da. Akatsa litzateke osagai desberdinekin zirena errepikatzen saiatzea. Beraz, egokitu, eta dutenari zukua ateratzea erabaki dute. Jarraitzaile batzuk galduko dituzte, bai, eta beste batzuk irabazi.
Gaur egun eman dezaketena islatzen du lanak, eta, abesti gutxi dituen arren, ez dago bakar bat ere soberan. Zortzi propioetatik Paralysed, Gore eta The Thing (1982) laukote berrituaren erakusle dira. Ere berean, aipatzekoa da Mortician taldearen Zombye Apocalypse kantuaren moldaketa. Ol anaia gazteak adierazi duenez, gitarra riff onenetako bat du. Azken batean, hori delako thrash doinuen indarguneetako bat; riff eraginkorrak sortzea entzuleen buruak astintzeko.
Musika. Evile. 'Hell Unleashed'
Bizi ala iraun
Diskoetxea: Napalm Records.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu