PJ Harvey 'B-Sides, Demos & Rarities'

Bitxiak baina ezinbestekoak

Diskoetxea: Island Records.

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Ezagutzen nautenek badakite PJ Harveyren zalea naizela, artista izugarria dela iruditzen baitzait, letra larriz idazten diren horietakoa. Zuzenean saxofoia eskuan duen azken fase alternatibo eta popetik hurbilagoko honetan bakarrik ikusteko aukera izan badut ere, lehenengo garaietatik jarraitu diot haren ibilbideari, rocka puri-purian jorratzen zuenetik —behin, lagun batek bizarro hitza ere erabili zuen haren musika definitzeko, eta, egia esan, badu arraro, ausart eta estrabagante puntu bat—.

Horregatik, duen izaera geldiezin eta ausartagatik, adi egotera behartzen gaitu, beti baitauka proiekturen bat esku artean. Orlam liburuaren aurkezpenean murgildurik dela, eta Tim Phillips-ekin batera Bad Sisters telesaileko soinu banda estreinatu berritan, bere ibilbide luze eta oparoan alde batera gordeta utzi dituen abestien eta argitaratutakoen demo ezberdinen bilduma bat plazaratu du. Ez da lehenengo aldia B aldeei heltzen diena, baina honako honetan benetan zerrenda luzea dakar, 59 abestiz osaturiko lana baita hau — horietatik hamalau orain arte argitaratu gabekoak dira—. Bildumazale eta jarraitzailerik sutsuenentzako harribitxi bat da honako hau, PJ Harveyk sortzeko duen ahalmenaren erakusle.

Hainbeste abestiren artean oreka bat bilatze aldera-edo, ordena kronologikoan antolatu ditu, musikariaren eboluzioaren erakusgarri izan daitekeena, ibilbide osoaren erretratua agerian uzten baitu. Dry diskoko demo batzuekin hasten da lana, eta To Bring You My Love-eko B aldeekin jarraitzen du, hainbat altxor agerian utziz, garai hartan argitaraturiko disko izugarri horren itzaleko alde hau ere argia ikusi zuen haren parekoa dela erakutsiz. Segituan nabari dezakegu espero baino disko osoagoa dela hau, bitxikerien lana izanagatik ere, oso ongi erakusten baitu bere konposaketa prozesua zein izan den. Hainbat soinu bandatarako sorturiko abestiak ageri dira, The Crow: City Of Angels edo The Passion of Darkly Noon-ekoak kasu; Rainer Ptaceki eginiko omenaldi gisa azaltzen zaigu Losing Ground eta Jeff Buckley-rentzakoa da Memphis.

B-Sides, Demos & Rarities honetako bigarren tartean Is This Desire? eta Stories From The City, Stories From The Sea-n entzutera iritsi ez ginenak ageri zaizkigu, eta ohartzen gara disko horietan zer sartu erabakitzeko orduan buruhauste handiak izango zituela musikariak, kanpoan gelditu zena ez baita material makala.

Hirugarren atalean ere mami askoko abestiak daude, puzzlea osatzen laguntzen dutenak, azken urteotan harturiko norabide horren ildotik doazenak, Libanoko elkarte benefiko baterako sorturiko The Camp kasurako. Eta bukatzeko, Nick Caverekin batera Peaky Blinders telesailerako egindako Red Right Hand-en ezagutzeko zaila den bertsioa. Bitxikeria bilduma da, baina PJ Harveyren ibilbidea osatzeko ezinbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.