'egunen akabera'
«Asma arnas gaixotasun kronikoa da», dio Wikipediak, eta jarraitzen du: «Eritasun itzulgarria da, tratamenduaren bidez konpondu ahal dena». Istorio honetako protagonistak asma du. Ito egiten da presiopean. Senda daiteke, ordea.
Istorio honek ere asma duela ematen du, itogarria egiten da, baina konpon daitekeela sinetsi nahi du irakurleak, narratzaileak baino fede handiagoz, esango nuke.
Gazte literaturako beste liburu askotan bezala, protagonistak hartzen duenez kontalari papera, haren ezkortasunari itsatsita ahaleginduko gara argitzen madarikazioa zertan datzan, jauzi txikiak emanez iraganera, berez lineala den kontakizunean, pertsonaia bakoitzaren soslaia eraikitzen digunean, finean, madarikazioa definitzen ariko zaigu-eta. Bai, gertakariek baino gehiago, deskribapenek eginarazten dute aurrera.
Ehun eta hirurogeita bost orrialde baditu ere, tentsioaren gailurrera ehungarrenerako igoko gara, akaso Serantes mendiaren profila deskribatu nahi izan zaigulako, Santurtzin kokatuta dagoenez istorioa.
Asmak bezala, liburu honek itolarria, etsipena eta erantzunen bilaketa eragiten ditu; nork izan nahi du asmatiko eserialdi pare batez?